Haritz-kume izeneko programa abian jarri dute Ilundaingo Haritz Berri Baserri eskolan. Animaliekin, arazo emozionalak dituzten haur eta nerabeei laguntzeko asmoa du proiektu berri honek. Mikel Lasarte Haritz Berriko arduradunak esan du, aurretik ere ezagutzen dituztela animaliekin harremana izanda emaitza onak izaten direla arazoak dituztenen artean eta hortaz, egitasmoa martxan jartzea egoki iruditu zaie.
Arazo emozionalak gainditzeko
Animalien beharrak zein diren ezagutu eta bazka ematen edo garbiketzen aritzea lagungarri zaie arazo emozionalak gainditzeko bidean. "Animaliek transmititzen diete haur eta nerabeei gizakiek ematen ez dieguna", esan du Lasartek. Urte bukaeran berrogehi laguni animalien bidezko programan parte hartzeko aukera eman nahi diete Fundazioan.
Bestelako ekimenak ere bai
Haritz Berri Etxalde Eskolak ingurumenaren inguruko ezagutzaren eta natur giroaren aldeko jarrera on eta eraikitzaileen ekintza sorta eskaintzen du besteak beste. Etxaldeko ukuiluetan ibilaldi gidatuak dira bisitaldiak, abere ezberdinak ezagutzeko parada ematen dutenak. Jardunaldiak ere antolatzen dituzte eta ikastetxeekin egonaldiak ere bai.