Elixabete Garmendia: Piperrak

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 29a

Gaur bat egiten dute azaleko eta kontrazaleko argazkiek. Azalekoan piper gorrituek jartzen diote markoa barrenean ageri den aterkipeko jende taldeari. San Simon eta San Juda eguna izan atzokoa, eta euritan blai joan ei zen Gernikan urriko azken astelehena.

Kontrazalean, piperrak –pikiloak- kristalezko ontzietan ageri dira, zainzuri, orburu, olio eta abarrekin batera, kaxa bete. Izenburuaren metafora argia da: “Saskia euskararekin bete”. Hau da, saski horien salmentatik ateratako diruaren zati bat Erriberan euskalgintzan ari diren elkarteetara joango dela. Iaz 34.000 euro bildu omen zituzten horrela.

Kanpainak badu beste helburu bat ere: bertako produktuei irteera ematea, globalizazioaren olatuari hesia jarriz. Izan ere, marka da gero: ustez Erriberako piper edo zainzuriak erosi, eta gero, etxean, lenteak jantzita etiketa irakurri, eta Perutik datozen piper edo zainzuriekin topo egitea.

Kontrazaleko albiste horrek badu, dena den, ifrentzua barruko orrialdeetan. Hor ageri dira Espainiako Barne ministroa eta Fiteroko alkatea, luma estilografikoak eskuetan, pergamino itxura hartzen zaion papera sinatzekotan: 24 urteren ondoren guardia zibilek kuartela izango dute berriro Fiteron. 500 urteren buruan, Birkonkista beti martxan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!