Tania Arriaga Azkarate: Supermerkatura

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 28a

Kotxea gidatzen nuelarik, irratia entzutea maite nuen, leku apropos aproposa egiten zitzaidan kazetaria, esataria, gonbidatua azaltzen ari zena entzuteko eta ez soilik entzuteko baita irudikatzeko ere. Orain ez dut kotxerik, ez dut gidatzen Estatu Batuetan bizi naizen arren. Mendebalde urrun honetan, dena urrun dago eta kotxerik gabe are gehiago. Hala ere, frenazo eza honek sekulako pakea ematen dit. Abiadura moteleko nere bizitza, inoiz baino egonkorragoa den hori, talkarik gabekoa, oinez egiten dut.

Gaur goizean, erosketak egitera oinez joan naiz. Nevadako hiriburuko unibertsitatearen ondoan bizi naiz ni eta supermekatu hurbilena 45 minutura dago. Goiz eguzkitsua bezain freskoa eta lehorrarekin esnatu da eguna. Pare bat poltsa hartu, nere apartamentuaren atea itxi eta tipi, tapa, etxetxo bat, bi etxetxo, errepide bat, bi errepide zeharkatu ditut. Reno, 1400 metroko altueran dago, salbia landare usaintsuaz beteriko basamortu baten erdian.  Ikasle estatubatuar batzuk seroriti eta fraternitietan bizi dira, hau da, ikaslez osaturiko klub pribatutako parte dira eta taldeko guztiak etxe berean bizi ome dira. Horrelako pare batzuen ondotik ere pasatu naiz. Kuriosoa da, nola basamortuaren erdian gauden arren, etxetxo gehienetako jardinek, sorterri imaginarioaren aldarri gisa, belar berde berdea eta bertakoak ez diren zuhaitz urzale luze erakusten dituzten. Aldiz, oinezkoendako espaloiak Guadiana eta Guadalquivir ibaiak bezala edo akaso, gurean Sadar eta Elortz errekak bezala, erran beharko nuke, desagertu eta agertzen dira. Argi eta garbi hiri honetako bideak ez daude oinezkoendako egokituak. Hala eta guztiz ere, nire asteroko paseotxoa ikaragarri gozatzen dut nik.

Eta halako batean, egurrezko etxea hauetako aurrekaldean, hara non eta erabiltzen ez dituzten gauzatxoekin salmenta egiten ari dira. Nafarroako mugaren bestaldean erraten dioten bezala, ganbara hustea ospatzen ari dira. Jakinminak bultzatua, postu inprobisatura hurbildu naiz. Egurrezko mahai baten gainean, hauxe duzue ikusi dudana: beirazko bi kopa handi xamar, indukzio labea, txarkuterietan txorizoa eta hertzebeteak eta horrelakoak mozteko dituzten makinatxo horietako bat, Harley motorra gidatzeko botak, pistola sartzeko gerrikoa eta zazpi bat alkondara zein jertsei. 70 bat urte inguruko andre potolo potoloak  alkondara bakero erosi berria du. Egunonak eman dizkiet, bidebatez aipatuz janaria erostera noala. Gizonak denda bost minutura topatuko dudala erantzun dit. Eta nire bidetik segitu dut. Dendari inprobisatuak erran bezala suertatu da, bost bat minuren buruan, auzoa eta supermerkatua zeharkatzen duen errepide handiarekin topo egin baitut. Semaforoan dagoen botoia sakatu, pic up auto handia gelditu, errepidea zeharkatu eta supermerkatura ailegatu naiz. Gaur oxigenoz beteriko 45 minutu eder oparitu dizkiot nire buruari. Ona bezain xinple.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!