Nafarroako hegoaldeko uztari eta euskarari haizea emateko, putz egiteko proiektua bultzatu du Errigorak, herritik eta auzolanean sortutako ekimenak. Bi helburu nagusi ditu; batetik, Erriberan euskarak instituzioetatik jasotzenez duen babesa ematea eta ekonomikoki laguntzea, bestetik, Nafarroako Gobernuak ahaztuak dituen Erriberako produktuak indartu eta saltzea. Hortaz, biak sustatzeko Nafarroako produktuz betetako saskiak salgai jarriko dituzte gaurtik aurrera. Piperrak, babarrunak, tomatea, lekak, alkatxofak, porruak, zaintzuriak eta beste ikusi ditugu otzareetan. Guztiak kalitate gorenekoak dira eta 50 euroan daude eskuragarri. 50 euro horien %25 euskalgintzara bideratuko dituzte.
Euskarari eta Nafarroako produktuei bultzada
Bigarren aldiz eramanen dute aurrera egitasmo hau. Auzolanean sortua da eta aurten iaz baino jende gehiagok hartu du parte, besteak beste: Erriberako AEKk, Sortzenek, Ikastolen Elkarteak, Lodosako Ibaialde ikastolak eta Euskaraz bizi nahi dut ekimenak. Guztiek uste dute inoiz baino garrantzia handiagoa duela orain Erriberan, eremu ez-euskaldunean euskara bultzatu, sustatu eta iraunarazteko laguntza ematea.
Otzarak salgai daude dagoeneko. AEKko egoitzetan, Ikastoletan eta internet bidez eskura daitezke azaroaren 14 bitartean. Iaz, 1.700 otzara saldu zituzten, 24.000 euro eskuratuz. Dirua Argia ikastolara bideratu zuten. Aurten hiru dira diruz lagunduko dituztenak: Erriberako Euskaraz bizi nahi dut ekimena, Erriberako AEK eta Lodosako Ibaialde ikastola.