Koldo Martinez Urionabarrenetxea izendatu berri dute Bioetika Fundamental eta Klinikoaren Elkarteko presidentea. Ez da lehen aldia, izan ere lau urtez izan baita kargu horretan. Bioetika Elkarte honetan hausnarketa egin eta eztabaidatzeko asmo nagusia dute bertan biltzen diren osasungintza alorreko profesionalek. Baina egunkarietako azaletan agertzen diren gai potoloez gain (abortoa, eutanasia, ama zelulekin eginiko ikerketak, eta abar) bada eguneroko jardunean zer eginik. Mediku eta gaixoen arteko harremanean nahi dute sakondu. Krisi garaian iduri lezake ez dela garai aproposa ez lirikarako ezta bioetikarako ere, baina hori ez dela egia esan digu Koldo Martinezek. Are gehiago, garai egokiena da horretaz pentsatzeko orain ezinbestekoa ikusten delako erabaki irmoak hartu behar direla pertsona orori osasun arreta bermatu ahal izateko.