Koldo Martinez Urionabarrenetxea: Del Rioz

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 25a

 

Estrasburgoko Tribunalaren epaiak egundoko sarraskia sortu du. Den bezala izango zela askok eta askok espero bagenuen ere.

Del Rio andereari 24 hilketa leporatzen zaio. 24. Epaitua izan zen eta 26 urte kartzelan eman du. 26. Gutxi direla diotenek ez dute, seguru, segundu bat ere jasan mugimendu askatasunik gabe. Bestetik, Del Riok legeak markatzen duen maximoa barruan eman du.Biktima batzu ez dira inoiz asetuko, 2000 urteko kartzela zigorra ere ez zaie aski irudituko. Batez ere, beren sufrimenduari sua ematen jarraitzen bazaie beraiekin omen daudenen taldeetatik edota biktima hauen oinazea orain gutti arte ez onartu ez ulertu ez dutenen erakundeetatik. Edota sufrimendua sozializatzen, oinazea gizarteratzen aritu izan diren taldeetatik. Mutur biak helburu bat.

Kalean da Del Rio. Eta pozten naiz, pertsona guztiei bezala dagozkien eskubide demokratikoak errespetatu egiten zaizkiolako, berandu bada ere. Askoz gehiago poztuko nintzateke indarkeria baliogabetuko balu noizbait publikoki mintzatuko denean. Kalean izango da Madrilen igandean Españako Gobernua duen Partido Popularra ere. Eta lotsatu egiten naiz. Alderdiak demokrazia sakontzeko daudelako -edo egon behar luketelako- eta ez, inolaz ere ez, suari gasolina botatzeko.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!