Euskal Telebistaren seinalea digitalizatzeko eskatu dio Parlamentuak EITBri

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 25a

Euskal Telebista seinale digitalaren bidez ikusteko aukera ekar lezakeen ekimena eztabaidatu dute Nafarroako Parlamentuan: Erdibideko irtenbidea, arazo politikoari iskin egin eta irtenbide politikoa ematen diona, behin behinean. Eskaera oraingoan, aurrekoetan ez bezala, EITBri egiten dio eskaera Foru parlamentuak: Nafarroan duen seinale analogikoa digital bihur dezan, modu horretan nafarrek aukera izan dezaten Euskal Telebista ere lurreko telebista digitalaren bitartez ikusteko.

Geroa baik eraman du mozioa eta babestu dute PSNk, Bilduk, Aralar-Nafarroa baik eta Izquierda-Ezkerrak. Abstenitu egin dira ordea, UPN eta PPN.

Eztabaida eragin du mozioak

Geroa baiko Manu Aierdik nabarmendu du, pozteko eguna dela behin betiko irtenbidea iritsi bitartean, behin behineko soluzio teknikoa eskaintzen zaiolako arazoari, irtenbide erreala. Izan ere, ulertezina da mundu osoko telebistak ikusi ahal izatea sistema digitalean eta ETB ez.

PSNk uste du irtenbide tekniko egokia dela eta Bilduk dio, herritarrek nahi duten telebista ikusteko eskubidea dutela. UPNk euskararekiko duen obsesioa salatu ditu Maiorga Ramirezek, gogoratuz Erreniegan antena jarri zuten Eusko Alkartasuneko militanteak Auzitegi Nazionalean salatu dituztela.

Aralar kritiko azaldu da bai UPNrekin eta baita EAJrekin ere. Haren iduriz, EAjk ere ez duelako egin ahal zuen guztia. Arazoa politikoa da, beraz, gaurko proposamenak ez du irtenbide politikorik ematen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!