"Zigorrei sufrimendu gehigarria ezartzea giza eskubideen aurkakoa dela Estrasburgok esan du orain eta agerian utzi du urratu egin dituztela eskubideak", hala esan du Idoia Mujikak Etxerateko kideak. Orain, Espainiak aitzakiarik eta trabarik gabe emandako agindua bete behar duela uste du elkarteak. Presoei zuzenbidearekin bat ez datorren legea ezarri eta senideei kondena luzatzen dietela salatu dute eta eskatu, Parot doktrina ezarria dieten presoak aska ditzatela: 56 dira guztira, horietatik 9 nafarrak. Ines del Rio askatu izana pozez hartu du Etxeratek, baina oraindik bide luzea gelditzen da egiteke euskal presoen eskubideen alde.
Inoren sufrimendurik ez du nahi Etxeratek. Horregatik uste du Espainiako Gobernua ez litzatekeela soilik oinazea pairatu duten batzuekin egon behar. Errespetua guztioi zor zaiela uste du elkarteak eta eskatu du, diskurtso antzurik ez sortzeko eta mendekuan oinarririk ez bilatzeko.
Zuhurtziaz hartutako poza
Poztasun neurtua izan zen Estrasburgotik iritsi zenarekin hartu dutena. Askatasuna berreskuratuko dute bai, baina, berandu datorren erabakia dela uste dute: "urte luzeak eman dituzte preso bidegabe eta urte asko eman ditugu senideok zigortuta". Poztasun neurtua da, Espainiak modu batean edo bestean saiatuko delako zirrikituren bat bilatzen Parot Doktrina ezarria duten gainontzekoei zigorra luzatzen jarraitzeko. Mendekuaren eta salbuespen neurrien bukaera eskatu dute Etxerat elkarteko kideek eta arduraz jokatzeko.