Idurre Eskisabel: Leloak

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 25a

Gazteek betetzen dute gaurko argazkia. Egiazkoek. Hau da, 20ren bat urteren bueltako neska eta mutilek, eta ez beren burua musika talde modernoen t-shirtez apaintzen dutelako gazte autoizendatzen diren berrogeitaka urteko andre eta gizonek. Manifestazioan doaz, Madrilen, Espainiako Gobernuak LOMCEren bidez hezkuntzan ezarritako erreformaren aurka, eta, batik bat, irakaskuntza publikora ekar dezakeen kalitate galera eta murrizketen kontra.

Nolanahi ere, argazkia izan zitekeen oran 20 urtekoa ere. Hots, arestian aipatutako 40 urtetik gorako betigazte horiek egiaz gazteak zirenekoa. Orduan ere saldoka atera baitziren kalera, garaian garaiko hezkuntza erreforma eta iturri publikoak agortzeko aldian aldiko asmoen aurka. Hats luzekoa baita erasoaldi neoliberala.

Eman diet begiratu bat pankartetan idatzitako leloei, eta haiek ere ez dira 20 urte lehenagokoetatik oso desberdinak: Hezkuntza murritzago, errepresioa handiago, Heztea ez da enpresaburuei bazka emata”, Botereari beldurra ematen diona jendeak pentsatzea da. Alegia, sarri erabilitako ideiak, ideologiaren ateoek esango luketenez 68ko maiatzak jada erabat maiztu zituenak.

Baina onena, atzoko manifestazioetan gehien oihukatutako leloa: Ez dira murrizketak, klase borroka da. Ekaingo hartza baino antigoalekoagoa emateko arriskua nire gain hartuta aitortuko dut egia: poza eman dit lelo horrek, iruditu baitzait, azkenean, egia printza bat ernetu dela ilusio faltsuen sasitzan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!