Alberto Barandiaran: Ez dakit asko den

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 23a

Ez dakit 20, 26, 30 urte, zenbat behar diren norbere akatsak, hanka sartzeak, norbere erruak kitatzeko. Ez dakit nahikoa den, ez dakit inoiz nahikoa izango den. Ez dakit damua zertarako den. Uste dut bestearekiko dela, zerbait kristaua. Uste dut tranpa txiki bat ere badela. Uste dut inork ezin dituela betiko garbitu egindako okerrak, norberarekin doaz bizitza osoan zehar, eta espero daitekeen bakarra da ikasi izana, eta gainerakoek, zure erruen biktima izan direnek, ulertzea ikasi duzula, ulertu duzula haien mina, konbentzimendua duzula hura akatsa izan zela eta ez zenukeela berriro egingo. Uste dut oso pertsonala dela hau guztia, ezin dela kategorizatu, ezin dela arautu, ezin dela legez ezarri. Baina 20, 26, 30 urte espetxean, asko da. Gehiegi, beharbada. Eta uste dut aurrera egin nahi badugu, iraganeko orbanak sendatu nahi baditugu, uste dut hori ere ulertu egin behar dugula.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!