Amaia Alonso: Bihotz beltzeko neska zuria

Euskalerria Irratia 2013ko urr. 22a, 18:10

Amaia Alonso burlatarra itxuraz zuria da, baina barnetik beltz sentitzen da. Afrikak sorgindu zuen duela sei urte eta harrez geroztik lan eta bizi da hango haur txiroei laguntzeko. Hezitzailea da lanbidez eta hezkuntza hala nola bizi baldintza egokiak nahi ditu Senegaleko talibes haurrentzat. Hauek haur pobreak dira, baliabiderik gabeko familiek marabu izeneko irakasleei ematen dizkietenak bizirik iraun dezaten. Marabu hauek haurrak hazten dituzte haien koran eskola berezietan, baina kasu askotan benetako sufrikarioak pasarazten dizkiete txikiei. Lau urtetik aurrerako haurrak dira, egunean 12 bat ordu kalean eske ibiltzera behartuak direnak. Honetaz gain mota guztietako tratu txar, eraso sexual eta jipoiak jaso behar izaten dituzte. Diru edota arroz gutxi eramanez gero marabuk bortizki zigortzen ditu haur hauek.

Amaia Alonso Talibes Fundazioan ari da lanean haien alde. Estatuko ipar eskualdeko arduraduna da. Orain laguntza kanpaina berri bat prestatzen ari dira azaroaren lehen hamabostaldian egiteko. Edukiontzi bat eskola materialez, arropaz eta elikagaiez bete eta bidali nahi dute. Laguntzarik emateko onena harekin harremanetan jartzea da: 650-716430. Afrikako irudiak argazkietan biltzea gustuko du Amaiak. Orain Burlatako Animals tabernan horien erakusketa bat jarria dago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!