Gaizka Aranguren: Ezohiko gerraren ezohiko ondorioak

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 22a

Edozein gerra konbentzional bukatzerakoan, garailearen legedia aplikatu egiten da. Hau da, irabazleak bere alde hil dutenak heroi bihurtzen ditu, eta garaituak gaizkile, erailtzaile edo terroristatzat jotzen ditu.  Erran gabe doa gerraren alde banatan egon direnek joera berbera izan ohi dutela gerrak dirauen bitartean.

Ezohiko gerratan, ordea, gauzak ez dira hain garbiak. Izan ere, alde baten garaipena erabatekoa eta zalantzarik gabekoa izan ezean, ondorioak ez dira hain garbi eta gordinak.

Gatozen gurera.

Espainiak, formalki, ez du ETAren jarduna gerratzat jotzen, baina irabazi egin duela dio. Esamoldeak horrelakoak dira: “Zuzenbide estatuak garaitu ditu terroristak”; “Gu gara irabazleak eta haiek galtzaileak”…

Bertzalde, ikuspegi politikotik, Espainiaren aldeko irizpidedun aunitzek diotenez, “ETA inoiz baino boteretsuagoa da”, haren helburuekin bat egiten dutenek inoiz baino instituzio gehiago kudeatzen dutelako. Hortaz, Espainiak politikoki irabazi duen ez omen dute horren argi.

Azkenik, eta bataila militarraren ondorio lazgarrienen esparruan, badirudi Espainiak ezin diela nahi duen legedia inposatu ustezko garaituei. Ines del Rio Tafallarraren kasuaren bitartez, Europak Espainiari erran dio ezin duela horrela jokatu; hau da, ezin duela ohiko gerra baten irabazlearen araberako legedia aplikatu.

Hortaz, gerra egon den ala ez eztabaidaren parte bada ere, ustezko gerra horrek garaile eta garaiturik izan ote duen eztabaidagarria bada ere, askoz ere interesgarriagoa da aztertzea benetan nor irabazten ari den ezohiko gerraren ondorena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!