Baluarte: Nafarroako Auditorioa baino gehiago Kongresu Jauregia

Euskalerria Irratia 2013ko urr. 22a, 13:48

Baluarte jauregia (euskomedia.org)

Iruñeko Baluartek hamar urte bete ditu. Nafarroako kultur zentro nagusiari buruz hitz egiteko Alberto Barandiaran kazetaria eta Bixente Taberna udal arkitektoa bildu ditugu urtemuga honen aitzakian.

Barandiaranen esanetan, “Baluartek ez du kulturaren eskaera asebetetzen, ez du elikatzen modu egokian”. Bere ustez dirua egon den bitartean, egitarauari eutsi diote baina baliabide ekonomikoak agortu direnean Batzar Areto izatera mugatu da”. Kazetari altsasuarrak aitortu duenez “Baluarteri esker hainbat ikuskizun handi ekartzeko aukera izan da, baina sarritan kultur estilo jakin batzuk babestu dituzte, esate baterako musika klasikoa”.

Bixente Taberna arkitektoak uste du toki egokian altxatu zutela Nafarroako Auditorioa. “Horrelako eraikuntzak hiriaren erdigunean kokatzea oso erabaki zuzena da. Bizitasun handia eman dio hiriari kultur zentro honek”. Nolanahi ere, harresi zaharrari bizkar ematen dio, El Corte Inglés egin diote aurrean, Parlamentuaren atzean gelditu da. “Horren ondorioz, irla baten modura gelditu da Baluarte eta mugatua da Iruñeko paisaiari egin dion ekarpena” Tabernaren aburuz. Barruko egiturari dagokionez, gure bi gonbidatuek bat egin dute esaterakoan auditorioa, ganbara aretoa eta hitzaldietarako hiru guneak oso egokiak direla. Erabilera da gakoa. Nola bete. Nola elikatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!