Ia azal osoa hartzen du gaurko argazkiak. Besarkada handi bat lehen planoan, irribarreak atzean ageri direnen aurpegietan. Argazkia Iruñeko Arrano Zaharra tabernan aterea dela dio oinak. Izenburua kontundentea da: “Parot doktrina” eraitsi dute.
Pareka datoz hurrengo argazkietako pertsonaiak. Bigarren-hirugarren orrialdekoan bi gizonezko heldu, legelarien jantzi barrokoak soinean, eta eskuekin mintzo: epaia eman duen Estrasburgoko Auzitegiko idazkaria eta epaimahai burua dira.
Hurrengo orrialdean datorren argazkiko parearen adierazkortasun guztia begirakune ilun horietan dago: Ruiz Gallardon eta Fernandez Diaz ministroak zaplaztekoaren ondorengo atsekabean. Hirugarren pareak egiten die kontrastea: Amaia Izko eta Ainhoa Baglietto abokatuei irribarrea ageri zaie, epaiaren arabera askatu beharko lituzketen hirurogei presoen zerrenda erakustean.
Hamar orri eta beste horrenbeste argazki hartu ditu albisteak BERRIAn. Falta direnak espetxe barrukoak dira, imajinatzen zailak ez. 2011ko urriaren 20a, 2013ko urriaren 21a… Urria emankor.