Amaia Izko, artxiboko irudi batean (Argia)
Curtis-ko espetxerako bidean autoan zihoala mintzatu da Amaia Izko abokatua Euskalerria Irratiarekin, goizeko 9:30ak aldera. Pontevedrako (Galizia) espetxe horretan dute Ines Del Rio, eta preso tafallarra gaur bertan aske geratzea espero du Izko bere abokatuak. "Estrasburgoren ebazpena oso zehatza da, eta ez du zirrikiturik uzten. Gaur bertan askatu beharko dute. Ezin dute segundu bat gehiago ere luzatu bere espetxeadia, bost urte baitaramatza modu ilegalean preso", azaldu du abokatu iruindarrak. Bere hitzetan, epaia zehatza da, baina aldi berean plateamendu orokorra egiten du: "Ez da Inesen kasura mugatzen, planteamendu orokorra egiten du, eta hori horrela beste euskal presoak ere askatu beharko dituzte". El Mundo egunkariak gaur dio bi hilean Parot doktrinaren pean dauden preso guztiak kalean izanen direla. Izkok uste du gauzak azkarrago egin ditzaketela eta egin beharko lituzketela: "Kasuz kasu aztertu beharko dute, baina denbora galdu gabe". Nolanahi ere, ez du uste honek guztiak bestelako aldaketarik ekarriko duenik Espainiako Gobernuaren espetxe politikan: "Espainiako Barnde eta Justizia ministroen agerraldian oso argi esan zuten preso politikoen aurkako politika ez dutela aldatuko. Estrasburgok esan duena esan eta gero ere, berdin segituko dutela Parot doktrinarekin harreman zuzena ez duten urraketa guztiekin. Tamalgarria da".