Lur Albizu: Ekin Erribera

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 21a

Begiak zabal-zabalik zituztela begiratu zidaten ikasleek. Uste dut ez zutela esan nienaren hitzik ere ulertu. Barre egin nuen. Naturaltasuna izatea eta umorez hartzea hobe izanen da... Kontua da aurtengo Nafarroa Oinezeko kantuaren letrak banatu nizkiela, hutsuneak bete zitzaten. Eta abestia jartzean, aurretik ikusia nien aurpegia jarri zuten denek. Ez zuten deus ulertu. Baina beno, azalpenak azalpen, Tutera non zegoen esplikatu nien, eta Bardeak eta Erribera ezagutu genituen.

Aurreko astean Argia ikastolako bi ordezkari izan genituen Baionan, "Badira, bagara" dokumentala aurkezten. Euskararen egoera berez zaila bada, Erriberakoa are okerragoa. Atzo, pasa den astean hango langileen duintasuna ezagutu nuen, euskaraz ikasteko eskubidea defendatzen dutenen duintasuna, alegia. Ikastolara joateko ilargiari birak eta birak ematen dituzten umeen irribarreak, etengabeko auzolana, hizkuntza berri bat ikasteko grina, Euskal Herria euskalduntzeko gogoak.

Harrigarria egiten zait oraindik nola Nafarroatik kanpo bizi den jendeak geure egoera soziolinguistikoari buruz duen informazio urria; sarri galdetzen digute nafarroi geure hizkuntza eskubideei buruz. Beraz, ezinbesteko tresna izan da, nire ustez, dokumental hau. Jendeak ezagutu egin behar du bereziki Erriberak bizi duen egoera, egiten duten lana, egun txarrak eta egun onak.

Egoera zailetan dauden ikastolek gure babes eta laguntza osoa behar dute, bakoitzak ahal duen heinean lagunduz; ezin dugu ahaztu euskararen garapenerako eta Euskal Herriko mapak bere horretan jarrai dezan biziki inportanteak direla hezigune hauek. Izan ere, hizkuntzak ematen digu mundua ikusteko beste ikuspegi bat, kultura, geure munduko txokoa ezagutzen ulertzen digu. Hori galtzen badugu, akabo.

Horregatik guziagatik, ni atzo Tuterara hurbildu nintzen. Ekin Erribera!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!