“Urdina da beti ezer ezaren margoa” dio Sarrionandiak. Hala ematen du goizean goiz Arga errekaren ondoko bidean. Zuhaitzen adarrek osatzen duten tunela arrea da egunsentiaren esperoan. Bidea eginez, azkenean, zaharrek esaten zuten modura, “ongi etorri amandre xuri, eguzki xuri”. Dena mudatzen da. Aldartea ere.
Udazkenaren hasieran basotxoko bazterretan muzkerra da nagusi. Gaztainen hostoak berdetik beilegira egin dute muturrean, gorrira egin du astigarrak edo alboak, makalarenak larua hartu du eta hego haizeak errekaren gainera eraman dituenak mosaikoa osatu dute, horigorriak dira gereziak, nabarra zubi ondoko alor goldatua, baratzetan ilara geometrikoetan dira zerbak eta kardoak, eskarolen anabasetan plastikozko txano zuri konta ezinak jarri dituzte, zozoak isilik, nonahi.
Bide bazterrean, lurra erreparatuz, ozpin aurpegiko edadetu bakartia poltsa eta makuluz antzematen dituen intxaurrak etxeratzen, kontrako bidetik azal zuriko amonen koadrila alaia kalaka atseginean, itxura hitseko gizontxoak oinak narrastuz markatzen du bidea heriotzatik ihesian eta gizon bakartiek korrika gora eta behera.
Hor dira arnasestuka, izerditan, dotore edo trakets, nork bere gorputzaren kontra borrokan, anabasaren aurka, gaixotasuna ekidin nahian, giharrak otzanduz, toxikoak kanporatuz, gorputza domestikatzeko ahalegin betean, giltzadurak menpean hartuz, tendoiak ordenera ekarriz. Batzuk lasai. Arduraz asko. erlojuari etengabe begira, gorputzaren errekurtsoen balantzea eginez, geroa dietan eta entrenamenduetan jarriz. Dena autokontrolaren izenean.
Horrela sortu ziren gaurko sportak Ingalaterra puritanoan, aszetika kalbinistarekin bat eginez, gorputza ariketak egiteko makina bihurtzeko bidean, banakako heroiaren biografia konpetitiboa osatzeko, haragiari etekina ateratzeko asmoz.
José Agustín Goytisolok idatzi du: “Erramua edo koroa onenentzako da, ororen gainetik irabazle direnentzako”