Fermin Etxegoien, bere blogetik harturiko irudi batean
Zinegotzia liburua argitaratu berritan iritsi da Fermin Etxegoien kazetari eta idazlea Felipe Uriarteren Irrintzi mendi aterpera. Etxegoienen aburuz, euskaltasuna, abertzaletasuna oso estuki loturik dago mendizaletasunarekin:"Euskalduna mendizalea da. Eta mendia gainera aterpea, topalekua izan da abertzaleentzat, frankismoaren garairik ilunenetan".
Etxegoienen hitzetan, "euskaldunen artean, egun ere oso zabalduta dago mendira joatearen kultura, eta belaunaldi berriek ere hartu dute horren lekukoa". Bere idurikoz, "horregatik izaten dute horrenbesteko arrakasta euskal mendizaleek zein eskalatzaileek".
Etxegoienek berak txikitatik jaso zuen mendizaletasuna gurasoengandik. Oñatiarra da bera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bat egiten duten inguru horretakoa. Haurra zela, gurasoekin Txindoki, Gorbea eta inguruko beste mendiak ezagutu zituen.Handitan, heldutan, Pirinioetan zein Alpeetan ibili izan da. Esperientzia horiek eta beste asko kontatu ditu Felipe Uriarterekin izandako solasaldi interesgarrian.