Badira, Bagara dokumentala eman zuten atzo etb1en. Hunkigarria iruditu zitzaidan, eta euskararen territorioak zeinen ahulak diren nabarmen gelditu zen, bertze behin. Esaldi batek harrapatu ninduen: Tuterako Argia ikastola desagertzen bada, non paratuko dugu euskararen muga? Tafallan? Eta Tafallakoa desagertzen bada?
Ordu batzuk lehenago, Paxkal Indo, Seaskako lehendakaria aditu dut, Ipar Euskal Herrian ikastolek aitzinera egiteko duten zailtasunez. Eta horiek desagertuta ere, nora jaitsiko da euskararen muga?
Eskola publikoaren eta ikastolen arteko borroka-etengabeak bertze zatiketa bat gehiago eragiten du gure herriko hamaika forotan. Aldiz, euskalduntzen ez duten eskolak eztabaidatik kanpo utziak ditugu. Eta horiek dira, benetako gure problema, eta ez hainbertze kudeaketa administrazio publikoak edo herrigintzatik sortutako kooperatibek egin.
Hizkuntzaren ahultasunean, eremu desertikoetan mugitzen ari garen bitartean, egin dezagun ahalegina indarrak metatu, eta haizea kontra dugunok elkarri babesa emateko. Bagarela adierazteko. Igandean badugu aukera on bat, Tuteran.