40 gazte ikusten ditut. Ni bezalako 40. Adinkide, eta auzokide batzuk. Ni eta nire lagun asko bezalaxe, Gazte Asanbladan ibilitakoak, presoen aldeko elkarretaratzeetara joandakoak edo AHTaren aurkako bilkuretan.
Kontua da, baina, Espainiako Auzitegi Gorena 40 gazte horiek epaitzen ari dela, Segiko kide izatea leporatuta. Hiru egunez izan dute epaiteketa. Torturak, mehatxuak, irainak, eta ukituak salatu dituzte, besteak beste. Eta fiskalak haien aurkako proba gisa kamisetak, jaietako zapiak, liburuak eta pegatinak aurkeztu ditu, besteak beste.
“Pistola buruan jarri zidaten”, esan du batek epailearen aurrean. Ariketa fisikoa egitera behartu zutela zehaztu du beste batek. Haren familiari min emanen ziotela mehatxu egin ziotela kontatu du auzipetuetako beste batek. Irain homofoboak egin zizkiotela hurrengoak. “Jon Anzari egin ziotena eginen zidatela esan zidaten”, dio ondokoak. Denak malkotan; denek amorruz egin dute solas.
Torturak eragindako autoinkulpazioetan oinarritutako epaiketa bat dute aurpegiz aurpegi. Politikan jarduteagatik aldez aurretik bukaera zehaztuta duen antzerki saio batean daude, finean.
Eta nik galdera bat daukat: Epaitu ahal dira gazteak gazte izate hutsarengatik?
Eta Madrilek baietz uste du, baina guk badakigu ezetz. Ni izan naitekeelako haiek, edo zu, edo gure klasekideak, edo lagunak, maitaleak, bizilagunak edo etxekoak. Azken batean, herri oso bat epaitzen ari direlako.