Lagun irlandar baten pasadizoa, Euskal Herria erdibitzen duen mugaldean gertatua. Lagun irlandarra, ilegorria berau -nola ez-, lan kontuak zirela eta, sarritan ibiltzen zen Iparraldea eta Hegoaldea zatitzen duen muga zeharkatzen sorterritik ekarritako autoarekin. Antza, Berako kasernako guardiek begiz jota zuten, eta irlandar ilegorria harrapatzea zuten amets, aldez edo moldez nahi zuten harrapatu alegia. Lagun irlandarrak, ordea, aitzakiarik eman ez txapelokerrei: autoaren paper guztiak beti ederki prestaturik, baita keinukariak, gurpilak eta argiak ere... den-dena beti txukun... Alta, guardia zibilek ez zuten amore emateko asmorik ilegorria harrapatu arte. Eta Sanferminetan ikusi zuten aukera.
Iruñetik Berara bueltan zetorren irlandarra beste lagun batekin batera, biak txuri gorriz eta zapi gorria lepoan jantzita. Ez daiteke ziurtzat jo, baina, segur aski, Sunbillako bidegurutzetik pasatzean, Guardia Zibilaren patruila batek ikusiko eta abisua emanen zieten Berako kuartelekoei: irlandar ilegorriaren autoa pasatua zela, eta bi lagun zihoazela barruan... Beste lekuko batzuek diotenez, irlandarra Ama Kontxa jatetxearen parean pasatzean kantuz ozenki omen zihoan!
Irudikatu txapelokerren poza! Huraxe zen irlandarra harrapatzeko abagunea! Di-da batean, Berako guardiek herriaren sarreran kontrol bat jarri zuten, eta auto guztiei pasatzen utzi zieten... irlandarraren autoa iritsi arte. Arraina sarean!
“Stop!” oihukatu omen zuen guardia batek, ingelesez, nor zetorren bazekitela agerian uzteko edo. Hura zen hura, guardien alegrantzia! A ze irribarreak! Autoa geldiarazi eta hortxe ikusi zuten guardiek irlandarra, txuri gorriz jantzita lastozko kapelu lotsagarri bat buruan zeramala, mozkor-mozkor eginda zetorrela eskuinaldeko eserlekuan. Guardia bat autoaren eskuinaldera hurbildu eta leihatila jaisteko agindu zion irlandarrari keinu zakar batez. Lagun irlandarrak nekez lortu zuen maratilari bira ematea auto zaharraren leihatila jaisteko, total eginda zegoen eta. Guardiak ea zerbait edana zuen Iruñean galdetu zion irlandarrari. “Dena edan dut, den-dena!” - erantzun zion irlandar ilegorriak. Guardiak ezin izan zuen irribarrea disimulatu, alkoholemia tasa neurtzeko makinatxoa atera eta irlandarrari esan zion: “Sople!” Eta lagun irlandarrak esan zion: “Alkoholemia proba bolantea daramanari egin behar zaio, ezta?” Orduan guardia ohartu zen Irlandatik ekarritako autoak ezkerreko aldean duela bolantea. Guardia, zapuztuta, gidari zihoan Irlandarraren lagunari egin zion alkoholemia proba... alferrik baina!
Azkenik, lagun irlandarrari ez zion proba egin, zeharo mozkor egonik ere, kopilotu baitzen. Diotenez, lagun irlandarrak eutsi egin zion barrez lehertzeko gogoari kontrola pasatu arte, baina, gero, bere irri-karkailak mugaz bestalderaino ere heldu omen ziren.
Benetan gertatutako pasadizoko protagonista ez zen irlandarra, ingelesa baizik; ilegorria ere ez zen izango, segur aski; sanferminetan baino beste edozein urtarotan ere berdin gerta zitekeen; Ama Kontxa parean ez zegoen lekukorik irlandarra kantu kantari ikusiko zuenik; guardia zibil horrek ez zuen Stop erranen, segur aski. Beste guztia egia da, eta ederra izan da mugaldeko istorio zahar hau apaintzea eta berriz irudikatzea, egiaren osagarri gutxi batzuk aldatuta eta egiantza duen istorio bat sortuta. Berako Irlandarrarena.