Igandean taupadaz bat egiteko deia, Argia ikastolatik

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 16a

Fontellasen kokatuta dago Argia ikastola. Erribera guztiari D eredua eskaintzen duen ikastetxe bakarra da. Nafarroa Oinez festa hartuko dute Tuteran igandean. Ikastola ezagutarazteko xedea du jaiak, baina, batez ere, helburu ekonomikoak ditu, larria baita gaur gaurkoz egoera. Zor handia eragin die Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako egin behar izan duten kiroldegia eraikitzeak. Zor dutena kitatzeko asmoz ere eginen dute igandeko festa.

Lau gune eta sei kilometrotan zabalduko dute Argiaren eta euskararen aldeko jaia. Musika, dantza eta ikuskizun anitzak izanen dituzte.

Euskarari argia ematen dio Erriberan

Ezinbestekoa da euskarari bidea ematen jarraitzeko Argia ikastolaren geroa ziurtatzea. Anika Lujan da Argia ikastolako zuzendaria. Haren aburuz, Erriberan irla gisa gelditu ez dadin euskara, guztion bultzada behar du.

Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskalduntzat jotzen du Erribera, eta ikastola hor izateak badu eraginik. "Laguntzarik ez dugu garraiorako eta jantokirako, adibidez", azaldu du ikastetxeko zuzendariak. Inbertsio guztien zama gurasoek hartu behar izan dute, haien bizkar. Horren ondorioz, okerrera egin du ikastolaren egoera ekonomikoak. "150 familia baino ez gara, eta guk bakarrik ezin dugu euskara Erriberan garatzeko konpromisoa aurrera eraman; Euskal Herri osoaren laguntza behar dugu", berretsi dute Argiako arduradunek. 215 ikasle, 22 irakasle eta bertze 15 langile ditu Argia ikastolak, gaur egun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!