Maria Solana: Norgehiagoka

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 15a

Urtetan politika munduan ematen diren portaera eta jokabideak arreta biziz jarraitu izan ditut; berdin jendartean oro har ematen diren jokabideekin.

Azken batez, gizakion arteko harremanetan patroi berberak errepikatu egiten dira arlo, testuinguru eta jarduera ezberdin guztietan.

Boterea bere egitearen grinak norgehiagoka aritzera bultzatzen gaitu. Genero bortizkerian ikusten dugu egunero; lan harremanetan ere bai; baita eskolan edota kirol taldeetan. Jakina, politikan ere, halaxe gertatzen da. Bada nork erakutsi behar duen besteon gainetik dagoela, eta horretarako alboan duena zapaldu behar badu, egiten du, doan, maltzurki, eta askotan eroso.

Naskatzen hasia naiz ikusteaz mundu honetan horrelako pertsonek duten arrakasta. Aspertzen hasia naiz frogatzeaz maltzurkeriak duen indarra eta nola gaizto baino gaiztoago direnek, gainera, askotan, maizegi, sarituak izaten diren.

Justizia poetikoa motelegia da, maiz bidean entretenitu egiten da eta ez da garaiz iristen. Bitarte horretan, bidean geratzen da pertsona asko, merezitako justizia sekula jaso gabe. Denborak laguntzen du bakoitza dagokion tokian jartzen, baina maiz, denbora ere motelegia da. Eta maltzurrak, azkarrak, azkarregiak.

Eta hara, Gardena, zuzena eta zintzoa izatea, agerikoa denez, gaiztoa izatearekin nahasi egiten da jendarte honetan. Ez da hobea isiltzen dena, aurpegira gauzak esaten ez dituena, itxurak egiten duena edota irribarrea eta printzipioak edozer gauzatarako baliatzen dituena. Egi borobilak esaten jarraituko dut, “a ze gaiztoa zaren” esaldi petrala entzuten jarraitu beharko dudala dakidan arren. Pazientzia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!