Donapea, Opusen interesen labirintoan
Donapea dagoen tokian uzteko eskaerarekin, manifestazioa deitu dute Donapeako irakasleek hainbat sindikatu, gizarte eragile eta Iruñeko Udaleko agintari ohiren babesarekin. Datorren ostiralean, arratsaldeko zazpietan manifestazioa eginen dute tokiz ez aldatzeko eskatzeko. Nafarroako Parlamentuaren aurretik abiatuko dira.
Nafarroako Gobernuak Opus Deiri mesede egin nahi diola salatu dute. Ez dago arrazoirik Donapea tokiz aldatzeko, hala diote, bertan bada tokia ikastetxea handitzeko. Gainera, ikastetxe berri bat egitea baino askoz ere merkeagoa litzateke egungo eraikina konpontzea. Joan den ostiraleko klaustroan berretsi zuten 78 irakasletik 77k ez dutela lekualdatzea onartzen eta Lanbide Heziketako zentroak egun hartzen duen orubea Nafarroako Unibertsitatearen esku ez uzteko eskatu diote Gobernuari. Donapearen egoerak hobera egin dezan inbertsioa eskatu dute zentroko arduradunek.
Sindikatuek ere babes hori helarazi diete Donapeako irakasleei. Lanbide Heziketa publikoa bermatzearen alde dauden heinean, lekualdatzearen aurka daudela nabarmendu dute.