Barkos, artxiboko irudi batean
Geroa Bai koalizioko buruzagiarekin politika orokorraz mintzatu gara. Lehenik eta behin, Luis Goñi gaztearen atxiloketaz galdetu diogu. Uxue Barkosek gazte nafarrari babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan dio. “Begi onez ikusten dut Herri Harresiaren desobedientziazko erantzuna”. Gazte mugimenduaren aurkako epaiketaz, eta etzi hasiko den herriko tabernenaz galdetuta zera esan digu: “zaharkituak gelditu diren legeetan oinarritzen ari da bere erantzuna Espainiako Gobernua”.
Kongresua, Udala, Parlamentua
Pasa den astean, Madrilgo Kongresuan eztabaidagai izan dituzte, besteak beste, LOMCE eta abortuaren lege proposamen berria. Uxue Barkosen iritziz, “PP errotik ari da suntsitzen oinarrizkoak diren eskubideak: osasungintza eta irakaskuntza, esate baterako. Aurreko astean ere, autodeterminazioari buruzko proposamena aurkeztu zuten Kongresuan. “Beste behin, Espainiako alderdi nagusiak erakutsi dute ez dutela onartzen aniztasuna, Espainia bat eta bakarra nahi dute”. Geroa Baiko diputatuak aurreratu digunez, tokiko administrazioari buruzko lege proposamena aurkeztuko du Gobernuak. Horren ondorioz, “udalei baliabide ekonomikoak kendu nahi dizkiete eta botere guneak urrundu herritarrengandik”. Hala adierazi digu Uxue Barkosek.
Hurbilera etorrita, Iruñeko zinegotziaren esanetan “aurrekontuak onartzeko garaia da, baina UPNk ez du akordiorik nahi eta hori oso txarra da hiriarentzat, inbertsiorik ez da sortzen”.
Nafarroako politikagintzaz galdetuta, Barkosek esan digu Barcinaren garaia agortuta dagoela, aldaketa beharrezkoa dela eta sukaldeko lana egiten ari direla alternatiba ehuntzeko.