Desordena publikoak eragitea leporatzen diete Iñigo Balbas, Josu Gracia, Mikel Valdivielso, Xabi Gartzia, Natxo Barriuso eta Iker Gartziari. San Ferminetan ikurrina zintzilikatzeagatik hartu dituzte seiak atxilo. Arratsaldeko seietan elkarretaratzea deitu dute atxiloketak salatzeko Udal plazan.
Alde zaharrean eta Arrotxapean
Nahasmena handia izan da goizean. Sare sozialen bidez hasi dira zabaltzen atxiloketen inguruko informazioak. Hasieran bat zen atxilotua, eta denborak aurrera egin ahala, igotzen joan da kopurua. Azkenik sei dira atxilotutakoak eta Alde Zaharrean eta Arrotxapea auzoan hartu dituzte. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak baieztatu ditu atxiloketok.
Hasiera batean, arrazoiak ere ez zeuden argi eta Igandeko Herri Harresian parte hartzeagatik atxilotu dituztela zabaldu da. Ondoren baina, ziurtatu du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak, ikurrinaren harira atxilotu dituztela.
Herri Harresiak, balorazioa
Igandeko Herri Harresian parte hartu zuen jendearen jokabidea eredugarria izan dela nabarmendu dute Herri Harresiko eledunek eta Eleak mugimenduak. Masiboa eta desobedientea izan zen eta urrats bat gehiago izan zen errepresioaren aurrean erantzuna emateko bidean.
Herri Harresiko Maider Caminosek gaineratu du epai politikoak sufrimendu pertsonala izatetik arazo kolektibo izatera igaro direla eta erantzunak ere modu horretan ematen direla. Jarduera politikoagatik auzipetzeak eta atxilotzeak lotsagarriak diren jokaerak direla gero eta jende gehiagok ikusten duela nabarmendu du.
Herri Harresiaren balioa goraipatu eta bide horri heltzen segitzeko nahia adierazi dute.