Joan den astean abortatzeko eskubidearen aldeko protesta egin zuten Femen taldeko kideek Madrilen, Espainiako Kongresuan, Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek egin nahi duen erreforma salatzeko. Erreforma horren bidez, hain zuzen ere, emakumeon abortatzeko eskubidea hutsaren hurrengoa izanen da, eta azken hamarkadetan aurrera egindako urratsak ezerezean geldituko dira. Patriarkatuaren eskutik, atzera eginen dugu, berriz ere, emakumeok.
Larria da egoera. Eta larria emakumeon eskubideen kontra prestatzen ari diren erasoa. Hala ere, joan den asteko Femen taldeko kideen protestaren harira, titiak erakutsi zituztela bilakatu da mintzagai bakar. Ez dakit norena izanen den errua. Ez dakit protesta egiteko beti titiak erakusten dituztenena ote den, edo titiak erakutsi izanari baino errepararatzen ez diotenena. Ez naiz gaur kontu horietan sartuko, baina tristea da mamia hain garrantzitsua denean, auziaren azalean gelditzea. Titiak erakusten dituzten emakumeen argazkitik harago ez ikustea.
Gaur, UPNk bertze argazki bat jarri du mahai gainean, abortuaren auzian. Erregionalistek, berriz ere, gure harridurarako gaitasunaren mugak jarri dituzte zalantzan. Haurdunaldia bere borondatez eten nahi duen emakumea derrigortu nahi dute umearen ekografia ikustera, eta hori lortzeko proposamena aurkeztu du UPNk Espainiako Kongresuan. Mila hitz baino gehiago erraten du irudi batek, UPNko diputatu Carlos Salvadorren hitzetan. Alderdi horren proposamenak ere gauza anitz erraten digu UPN osatzen duten pertsonen inguruan. Errateko deus onik ez dagoenean, ordea, hobe isiltzea.