Aitor Etxarte: Eguraldiaz hitz egin dezagun

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 14a

Berriro iraganak bidean jarri du gure bizitza. Elkarte kriminal batek ehunka hildako argizarian jarri ditu, milaka bide bazterrean ahaztu nahian; gaizki mozorrotutako armadunak auzoaren jabe egin dira goizean goizetik; karea erruz erabili ondoren jenerala zen hura kalera jo du; sozialista eta demokrata zenbaitek ospatzeke dute gaurko egunarekin estatuaren estolden eraginkortasuna; hezkuntzarako lege berriak aurreko mendean gerra irabazle izan zirenen jarraipena dakar eta, gutxi balitz, jai nazionala izan dugu asteburuan. Dena ohikoa, guztiz normala.

Porrota eta sumindura. Walter Benjaminenek, bere azken idazkietan, Europan oso errotua dagoen utopien aldeko begirada eta judutar kulturatik zetorkion mesianismorako joera lotu zituen. Mendebaldeko utopia bizitzeko modua izan da, osatu gabea, akasduna izanik, eta batera, bertsio osatua, perfektua duelako. Mundu bikain hori dugunarekiko aukera da, beraz, dugunak beste dimentsio hobea dauka, gure esku dagoena.

Mesianismoan antzeko arrastoa da, baina mitoan. Errealitatea ongia eta gaizkiaren emaitza litzateke, etengabeko borrokan eta, betiere, gaizkiaren nagusitasunean. Itxaropena erredentzioarekin lotua da, noizbait historiaren martxa negargarriak akabera edukiko duelakoan, paradisua gizakientzako ateak irekiko dituena.

Bertolt Brechti erakutsi nahi izan zion sozialismoaren utopian agerian utzi behar zela ezkutuan zegoen ipotx teologikoa. Ipotxak eman dio utopiari bizitza eta grina, horregatik da eraginkorra belaunaldiz-belaunaldi, justuagoa eta ederragoa den beste mundu baten alde herriak eta pertsonak jarri dituelako. Utopia eta mesianismoa lotzearen alde egin zuen.

Iradokizuna eta lilura sortzaile aparta izan zen Benjamin. Berak esan zuen:

“Garai bakoitzean konformismoari tradizioa kendu behar zaio, beti menperatzeko ahaleginetan dagoelako. Iraganean itxaropenaren tximista piztea da gure ardura: hildakoak ez dira etsaiarengandik libre izanen honek irabazten badu. Eta etsai honek etengabe irabazi du.”

Berak aitortu zigun iraganean esklabizatuak izan zirenak jartzen gaituztela bizitzan eta ez balizko ondorengo askatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!