Irudian jende multzoa iturri bueltan, eserita, aldi berean urduri eta lasai. Multzoaren erdian dago Luis Goñi, kosta ahala kosta atxilotu beharreko gaztea. Jende multzoa bera babesteko bildu da, atxiloketa gerta ez dadin. Edo, gertatzen bada ere, ez dadin debalde gerta.
Bapatean argazkia mugitzen hasi da eta bideotan bihurtu. Alboko kaletik polizia multzo bat dator, dena beltz, baita mutur estalia ere. Jendea erretiratzeari ekin diote, tiraka, Luisengana iristeko. Eta jendeak eutsi, eta indarka eta kostata egiten du poliziak aurrera. Iritsi dira eta atxilotu dute, eta jendeak inguratu egin ditu poliziak. Eta hauek porrak atera, eta jendeak esku garbiak altxa. Esku garbien eta aurpegi estalien artean, argi daukat nor den garaile.