Txingurri atomikoa, txingurritegi berrira

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 10a

Txingurri atomikoa Curia karrikatik Kale Nagusira doa

La Hormiga Atomicoa Liburu-dendak lokal aldaketa egin behar du. Txingurri mutantea txingurritegi berri batera doa. Curia karrikatik Kale Nagusira. Egungo lokalak 170 metro koadro ditu. Berriak, 700dik gora izanen ditu.

Txingurria vs Burger King

Espazio gehiago. Ideia, proiektu, auzolan gehiago. Liburu-denda, jatetxea, erabilera anitzetarako aretoa. La Hormiga Atomika kolektiboko kideek haien txingurritegi berria laborategi sozial bihurtu nahi dute. Gizarte eraldaketarako tresna.

Hasteko, Alde Zaharra bera itxuraldatu nahi dute. Elkarlanerako eta eztabaidarako guneak berrindartu nahi dituzte, Burger King auzora iritsi berri den honetan.

Crowdfunding atomikoa

Abenduan ireki nahi dituzte ateak. Horretarako gogor ari dira lanean. Gaur goizean lokal berria bisitatzera gonbidatu gaituzte. Besteak beste, gune berri hau aurrera ateratzeko laguntza behar dutela azaltzeko: zaharberritze lanetan auzolanean ariko diren lagunak, zentro sozial berriaren antolakuntzan lagunduko dietenak, eta baita dirua jarriko dutenak ere. Izan ere, txingurritegi berria martxan jartzea ez da merkea. Afera ekonomiko horri buruzko azalpen gehiago, hemen.

30.000 liburu

Txingurritegi berria Kale Nagusiko 54. atarian dago. Erakusketa areto izan da, gimnasioa, baita kilikien gorde leku ere. Lokalak 800 metro koadro dauzka. Sartu eta berehala lauki luze bat ikusten da, 100 bat metro koadrokoa. Han kafetegia eta jatetxea jarriko dituzte. La Hormiga-ko Hedoi Etxartek azaldu digunez, "lasai egoteko tokia izanen da, gertuko produktuak, jaki ekologikoak, bidezko merkataritzako gauzak prezio herrikoietan jateko aukera eskainiko duena".

Lauki luze horren amaieran, ate bat dag. Hori zeharkaturik beste areto handi eta argitsu batean sartzen zara. 200 bat metro koadro. Sabai altuak. Leiho altuak. Han jarriko dute liburudenda. "Orain arte 7.000 ale genituen. Hemen 30.000 eduki nahi ditugu. Gehiena saiakera izanen da, %60 edo, orain arte bezala. Gertatzen diren gatazkak ilustratu eta elikatu nahi ditugu", azaldu digu  Etxartek.

200 lagunentzako aretoa

Eskaileretan gora iristen da lehen solairura. Han 300 metro koadro inguruko aretoa dute. Honek ere leiho handiak ditu. Hau ere argitsua da. Garai batean, Iruñeko lehen gimnasioa izan zen bertan. Orain, erabilera anitzetarako areto bihurtu nahi dute. "Hitzaldiak, asanbladak, zinema, antzerkia, irrati saioak... Gizarte zibilak askotan diruarengatik eta agintariek jartzen dituzten trabengatik arazoak ditu horrelakoak antolatu ahal izateko. Hemen ez dute trabarik izanen", diosku Etxartek.

Etxartek berak laburbildu duenez, txingurritegi berriak "birika izan nahi du,  laborategi sozial,  eraldaketa sozialerako palanka, azken finean leku atsegina lehendik antolaturik eta oraindik antolatu gabe dagoen jendearentzat". Abian da Txingurri Atomikoaren eta Burger Kingen arteko lehia.

Bisitaren kronika entzuteko, klikatu argazkiaren azpian.

Erabilera anitzetarako aretoa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!