Jordi Pujoli irakurri nion azpiegitura estrategikoez ari garela, errepideak ez ezik liburutegi eta hiztegiak ere kontuan hartu behar ditugula, besteak bezain garrantzitsuak direlako herri baten garapenerako.
Administrazioen kontuetan arakatzea aski da konturatzeko kulturak pairatu duela, beste ezerk baino nabarmenago, krisiaren ondorioa. Hor mozketaldia ikaragarria izan da. Agian kultura ez dagoelako agintarien lehentasunen artean. Azken finean, epe luzeko inbertsioa izateaz gain, agintariek batere gustuko ez duten kritikotasuna bultzatzen du.
Horregatik, aurten Nafarroan irakurketa bultzatzeko 12.000 euroko partida dago, eta 5.000 eurokoa liburuzainen prestakuntzarako, noiz eta mundu honetan ere sekulako aldaketa gertatzen ari denean. Bitartean, ia ehun mila euro ordaintzen dira Iruñeko liburutegi nagusiaren segurtasunean.
Agintariek aise esaten dute kultura ezinbesteko inbertsioa dela. Kasurik ez egin. Begiratu kontuei, gezurretan ari direla frogatuko baitizute.