Wert erreformaren aurkako Bilboko manifestazioan parte hartzera deitu dute Nafarroako hainbat eragilek

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 7a

Aurrean, eserita, SOrtzeneko Aiora Epelde eta NIZEko Pello Eguren

LOMCE Legea, Wert ministroaren hezkuntza erreforma ostegunean onartuko dute. Larunbatean, Bilbon, horren aurkako manifestazioa eginen dute. Gaur, Iruñean, Nafarroako Hekuntza Komunitateko ordezkaritza zabal batek protestaldi horretan parte hartzera deitu du.

“Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki” izeneko plataforma osatu dute, besteak beste, Sortzen-Ikasbatuaz plataformak; Nafarroako Ikastolen Ekarteak; NIZEk; EILAS, LAB eta ELA sindikatuek, Udako Euskal Unibertsitateak eta Ikasle Abertzaleak sindikatuak.

Adostu duten agirian, oso kritiko azaltzen dira hezkuntza erreformarekin: "Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uzteko exijitzen dugu eta inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dezaten".

Agiriaren sinatzaileek konpromisoa hartu dute estrategia komunak lantzeko, LOMCE indarrean jar ez dadin. Eta Hego Euskal Herriko erakundeei hori bera egin dezaten eskatu diete: "Euskal Herriko alderdi

politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak

erabili ditzatela".

"Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki" plataformak izaera nazionala du. Nolanahi ere, Bilboko manifestazioaz gain, asteazkenean, arratsaldeko bostetan, San Frantzisko Ikastetxe Publikoan mahaingurua eginen dute, eta seietan LOMCEren aurkako protesta ekintza ikusgarria.

Larunbateko manifestazioa arratsaldeko bost eta erdietan abiatuko da, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik. Nafarroan Sortzen plataformak koordinatu ditu horretara joateko autobusak.

Agiri osoa

Honatx "Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki!" plataformaren agiri osoa:

"Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, argi adierazi dugu azken hilabete luzeetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko gure aurkakotasuna. Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uzteko exijitzen dugu eta inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dezaten.

Hau honela, ekainean aurreratu moduan, hezkuntza komunitate osoari eta euskal herritarrei dei egiten diegu urriaren 12an Bilboko kaleak betetzera LOMCEri aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko. Mobilizazio honen bidez, gure desadostasuna agertzeaz gain, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela. Modu berean, hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak lantzeko.

Bestalde, azken hamarkada luzeetako bideari jarraituz, hezkuntzako eragile ezberdinok, konpromisoa adierazi nahi dugu eraso hauei guztiei aurre egingo dien eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso berriak emateko.

Honegatik guztiagatik, dei berezia egiten diegu ikasle, familia, hezkuntzako langile eta herritar orori datorren urriaren 12an, arratsaldeko 17:30etan Jesusen Bihotzetik abiatuta, Bilboko kaleak betetzera".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!