Milaka nafar joan izanen da inoiz oporretan Balear Uharteetara, eguzkiaren epelera, prezio merkeetan hondartza bila. Tamalez, horietatik bakar batzuek baino ez dute agertu izanen interesik bertako herritarren bizimodu, kultura eta hizkuntzarekiko. Eta komeni litzaiguke arreta paratzea, nafarrok ere badugulako zer ikasi Balearretako biztanleengandik.
Balearretako Gobernuak, dekretu bidez, agindu du eskoletako hizkuntza nagusia ez dela gehiago katalana izanen, eta hiru herenetan banatuko direla hemendik aitzinera edukiak: katalanez, ingelesez eta gaztelaniaz, hirurak modu “orekatuan”. Helburu argia du, baina, ekimenak: katalanari gizartean irabazi duen lekua kentzea.
Gobernuarekin haserre, milaka herritar atera da karrikara, protesta egitera, Katalanaren kontrako erasoa salatzera. Irakasleak ere, mugagabeko greban dira. Balearretako Gobernuak egin duena Nafarroako Gobernuak orain urte batzuk TIL ereduarekin egindako gauza bera da, funtsean. Egia da Nafarroak ez duela modu orokorrean derrigortu eredu hiru eleduna, bertzeren artean, euskara ez dagoelako zabaldua lurralde osora, baina helburua zikoitza du TIL ereduak: D eredua ahuldu, eleaniztasunetik euskara ezabatuz eta elebitasun funtzionala ingeles-gaztelania dela agertu.
Eraiki behar genuke, guk ere, marea berdea.