UPNk EAJ izan nahi du

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 3a

Barcina, Argia-ren artxiboko irudi batean

PSEk EAJrekin nola, PSNk UPNrekin hala joka dezala eskatu dio alderdi sozialistari Yolanda Barcina foru presidenteak, Nafarroako Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidan. Beraz, Barcinaren diskurtsoan mezu nagusia, beste behin ere, PSNrentzat: Gobernuari egonkortasuna emateko eta krisia gainditzeko akordioa sina dezala.

Akordio proposamen horrek 25 puntu ditu, lau ataletan banaturik: zerga erreforma; enplegua eta langabeentzako laguntzak bultzatzeko plana; osasuna, hezkuntza eta gastu sozialei eustekoa; zerga iruzurrari aurre egitekoa; Administrazioa erreformatzekoa… Alderdi sozialistari proposaturiko neurri horien guztien gibelean, baina, tranpa dialektikoa ezkutatu du Barcinak, bere diskurtsoaren amaierara arte. Orduan argitu du puntu horiek guztiak PSEk eta EAJk sinatu dituztenen berdinak direla.

"Alderdi sozialistak akordio hau sinatzeari ezetz esaten badio, nafarrei azaldu beharko die zergatik Euskal Autonomia Erkidegoan egonkortasuna bermatzeko eta krisiari aurre egiteko akordioa onartzen duen, eta Nafarroan, aldiz, ez duen halakorik nahi", azaldu du Barcinak.

Mamu identitarioarekin bueltaka eta jiraka

Bistan denez, BArcinak, beste behin ere, mamu identitarioa astindu du politika orokorreko eztabaidan. PSN betiko atakan paratu nahi izan du. Bi talde daude: Nafarroan egiazki sinesten dutenak versus abertzaleak, hau da, Nafarroa hondamendira bidali nahi dutenak. On bakarra UPN, gainontzeko guztiak gaiztoak. PSNk ongiaren eta gaizkiaren artean hautatu behar. Hartara, Barcinaren arabera, aurreraikoien eta atzerakoien arteko dikotomia faltsua da. Egiazko aurrerakuntza UPNren eta PSNren arteko akordiotik besterik ezin baita iritsi.

Hain zuzen ere ideia hori indartze aldera, Barcina oso harro azaldu da orain arte egindako lanaz. Edo, egiaren aitortzeko hasiera batean apal mintzatu da, esanez errealista izan beharra dagoela, eta egungo langabeziarekin eta zorrarekin ezin dela esan Nafarroa egoera bikainean dagoenik. Baina jarraian UPN kudeatzaile bikaina denaren mito higatua berpizten ahalegindu da, sutsuki, Nafarroa hainbat alorretan beste erkidegoak baina hobeki dagoela behin eta berriz aldarrikatuz.

Nafarroa hobeki dago

Nafarroak beste erkidegoek baino langabezia gutxiago du. Nafarroak beste erkidegoek baino Osasun sistema hobea dauka hainbat inkestaren arabera. Nafarroak beste erkidegoek baino gastu sozial handiagoa du. Nafarroak beste erkidegoek baino hezkuntza beka handiagoak ematen ditu. Eta abar, eta abar, eta abar. Hori guztia, jakina, UPNri esker lortu da, edo zehatzago UPNk eta PSNk egindako lanari esker.

Egoera ekonomikoari doakionez, nabarmendu du Nafarroako ekonomiak oinarri sendoak dituela industriari edo esportazioari doakionez. Baina hobekuntza ekonomikoa Europako joeren menpe omen. Foru presidentea ez da ahaztu bere Gobernuaren proiektu nagusiez, bere kudeaketaren izarrez. Gogor kritikatu du oposizioa Donapearen proiektuaren bidean oztopoak jartzeagatik, horrek Lanbide Hezkuntzari eta Ikerkuntzari onura itzelak ekarriko dizkielako. Estatuak Nafarroako Ubidearen lehen faseko handitzearen gastuak onartu dituela jakinarazi, eta harro azaldu da orain arte egindako lanaz. Eta Abiadura Handiko Trenaren defentsa sutsua egin du.

"Zentsura mozioarik aurkeztu ezean, isil daitezela"

Hauteskundeak aurreratzeko aukeraren atea, danbateko batez itxi du. Espero zitekeenez, Gobernu alternatiboa osatzeko oposizioaren ezintasuna nabarmendu du, eta Gobernu berria osatzeko gauza ez badira, dagoena torpedeatzeari utz diezaiotela exijitu die.  Amaitzeko, ñabardura bat: Nafarroako Kutxa ez du aipatu ere egin. Mintzatzen hasi delarik, Benito epailearen ebazpenaren berririk ez zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!