Entzierroa, Diario de Noticias-en irudi batean
Iruñean, entzierroaren inguruko eztabaida pil-pilean da. Bart arratsean bilera egin du Entzierroaren inguruko lan taldeak: lasterkari, osasun arloko langile, Misericordia Etxea, unaiak, peñak, alderdi politikoak eta Udaleko ordezkariak mahaiaren bueltan.
Eztabaida horri heltzeko bi pertsonarengana jo dugu guk: batetik, Josu Asurmendirengana. Bera entzierroko lasterkari ohia da, entzierrozalea, eta Peñen Federazioko ordezkaria. Egon zen atzoko bileran. Eta bestetik, Fermin Erbiti. Entzierrozalea hau ere, eta entzierroaz, Sanferminez idatzi duen kazetaria.
Eztabaida aurtengo entzierroan gertatu zen jende pilaketaren ondorioz sortu da. baina, bai Asurmendik nola Erbitik uste dute pilaketa horrek ez duela deus berririk ekarri. Lehendik ere gertatu izan dira. Fermin Erbitik erantzule garbiak ikusten ditu pilaketa hartan: Foruzainen akats nabarmena izan zen.
Udalak sarrera mugatu nahi du
Mahaiaren gainean daude hainbat aukera. UPNk aipatu du sarrera mugatzeko aukera. Baina, halakorik ez dutela eginen uste dute Asurmendik eta Erbitik, ez bada, behintzat, tragedia handiren bat gertatzen. Entzierroa asko aldatu da, gizartea aldatu den bezala. Fermin Erbitik dio tradizio bat ikuskizun bilakatu dela.
Azken urteotan, batere segurtasunik ez duen ekitaldia seguruago bilakatzeko neurriak hartu dituzte: Mercaderesko bihurgunean likidoa bota zezenak irristatu ez daitezen, adibidez, edo beste hau. Baina, entzierroa beti izanen da ekitaldi arriskutsua. Berezko ezaugarri du arriskua.
Peñak, korrikalariak informatzearen alde
Baina, bada zer hobetu, eta Peñen Federazioak egin ditu zenbait proposamen. Adibidez, entzierroaren inguruko desinformazioari eta ezjakintasunari aurre egiteko. Konparaziora, pantaila bat jartzea udaletxe plazan.
Hedabideekin ere hitz egin beharko luke Udalak, eta baita turismo enpresekin ere. Azaldu zer den entzierroa. Adibidez, lasterkarien anonimotasunari eusteko. Masifikazioari aurre egiteko, bigantxen ekitaldia atzeratzea, hesietan ahalik eta toki gehien uzteko neurriak proposatu dituzte. Edo entzierroa hasi baino hiru minutu lehenago suziri bat jaurtitzea.
Eta oker jokatzen dutenei zigorra ezartzea. Hor, aspalditik egina dagoen Entzierroaren bandoa betearazteko eskatu diote Udalari. Eta Udalak iragarri duenez, oker jokatzen dutenei zigorrak ezartzeko proposamen bat eginen du. Nolanahi ere, uste du Asurmendik entzierrorako sarrera mugatzea, lasterkarientzat karnet berezi bat sortzea ez dela posible.
Udalak ez du halakorik eginen, uste du Fermin Erbitik. Eta entzierroaren inguruko eztabaida erlatibizatu egiten duen arren, uste du Iruñeko udalak izan dezakeela aukera gai horretan demokrazian sakontzeko. Bilerak egiten jarraituko du Entzierroaren inguruko lan taldeak. hurrengoa, heldu den hilean.