Anuska: Bidaiaria

Euskalerria Irratia 2013ko urr. 2a, 17:24

Oporrak gehientsuoi bukatu zaizkigun honetan bidaietaz hitz egin nahiko nuke, denbora dugunean egiten ditugun bidaietaz. Nireak ez nire lagun Grazik egin dituenak ditut gogoan. Lagun mina dut eta gertutik jarraitzen ditut bere ibilbideak, eta gertutik esatean, ez naiz fisikoaz ari. Ez gara hiri berean bizi baina bizipenak partitzen ditugu urrutitik ere, telefonoz, wasapez..., ahizpatasun harremana dugu, nolabait esateko, eta elkarrenganako sostengua gara. Horregatik zait hain pozgarria aurten bizi duena.

2013a harreman etete batekin hasi zuen. Paradoxikoa da baina bidaiak elkarrekin egiteko hain gustoko zuen bere neskalaguna utzi arte ez zuen benetako bidaiarik hasi. Harremanak iraun zuen bitartean leku ugari bisitatu zuten elkarrekin. Asteburu, aste santu eta opor egun oro planez betetzen zuten, edonori inbidia emateko haina, baina nik, ondo ezagutzen dudanez, azpiko estresa eta gogo falta nabaritzen nizkion, arrastaka eramana izanaren sentipena. Azken bidaia abenduan egin zuten eta, handik gutxira, harremana utzi.

Honekin ez dut esan nahi bikoteka egindako bidaiak gauza txarra direnik, ezta pentsatu ere. Kontua da haien kasuan ez zirela bidaide onak, ez kanpora zihoaztenean, ez bizitzan, asko saiatuta ere. Bakarrik egonik hasi zen Grazi bidaiatzen. Harreman bat hurrengoarekin kateatzen duten horietakoa da Grazi. Erakargarria da eta, gainera, erraz maitemintzen da, baina, aurten, ez zuen inongo katerik nahi. Apostu eta guzti egin nion, ez zuela bakarrik bi hilabetez iraunduko. Eta berak ezetz, nahikoa zuela, nolabaiteko topera iritsia zela, maitasun erromantikoan fedea galdua zuela. Horrela hasi zuen bere bidai pertsonala. Harreman sentimentalak alde batera utziz, bere barneko behar sakonenei kasu eginez. Zaila da adieraztea, baina bazuen ezintasun bitxi bat, harreman sexualetan, eta paradoxikoa hau ere, bakarrik ikasi du bere gorputza askatzen.

Ez naiz bere barneko gauzetaz arituko, baina inoiz baino askeago eta alaiago ikusi dut aurten.

Uda honetan, bidai bakarti bat egitera animatu da, bidai fisikoaz ari naiz orain. Europako beste hiri batera joan da, bakarrik egotera hain zuzen ere. Desengainua hartu nuen, egia esan. Hainbeste urtetan haren bikotekideek lapurtzen zidatela sentitu eta aurten biok elkarrekin zerbait egingo genuela uste baitnuen. Ez zen aukera faltagatik beraz, baina “bakarrik” bidaiatu nahi zuen.

-Bai, horrela jendea ezagutzeko aukera gehiago izango duzu. Bakarrik bidaiatzearen alde onak... -esaten nion zirikatzaile.

Barre egiten zidan.

Bidaiatik itzultzean kontatu zidan. Nola hiria ezagutu zuen, nola gauza guztietara begira gelditzen zen, nola gozatu zuen begiradaren askatasuna, denboraren askatasuna, eta batez ere, norberaren laguntza, konpainia.

Azken egunean bi neska ezagutu zituen, eta haiekin egon zen egun osoan, eta harritzekoa zera:

-Badakizu? Azken eguna zelako bestela ez nukeen egingo. Beraiekin igarotako eguna berba egiten eman genuen, berba eta berba, ez nuen ezer ikusi.

Azken eguna zelako onartu zuen, gozatu zuen, bere denboraren jabe izan ondoren, besteekin partitzea. Dena ikusi, begiratu ondoren, ez lehenago.

-Bai, bakarrik bidaiatzeak jendea ezagutzeko parada ezinhobea ematen du baina nik hiria ezagutu nahi nuen -esaten zidan. -Goitik behera ibili ondoren, ondo, baina ez pentsa hainbeste ilusio egin zidanik... -egiten zidan barre.

Eta ulertu nion, aspaldiko bizi-bidaideak gara eta. Bere burua, bere gorputza ondo ezagututa, bere denboraren eta erabakien jabe izan ondoren eta ez lehenago, nahiko du beste norbaitekin partitu, pentsatu nuen.

Duela gutxi Grazi maitemindu da. Bai, ez da harritzekoa, den bezalakoa izanda. Gutxiagatik baina apostua galdu dut. Gaizki kalkulatu nuen bere zoriona erditzeko behar zuen denbora.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!