Luzio Tabar (Banatu): “Ekonomiaren konponbidea lana eta aberastasuna banatzea da”

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 3a

Luzio Tabar, gure estudioetan

Lanaren eta aberastasunaren banaketaz jardunaldiak antolatu ditu Banatu Taldeak Iruñean urriaren 3tik 5era. Luzio Tabar adiskideak xehetasun guztiak eman dizkigu Metropoli Foralean. “Zenbaitek dio hazkundearen bitartez amaituko direla arazo ekonomikoak. Hori ez da aterabidea. Konponbidea lana eta aberastasuna banatzetik etorriko da”.

Krisia egon ala ez egon, lan gutxiago egitera jo beharko genukeela uste du Banatu Taldeko kideak. “Gure bizitzeko modua eta lan egiteko era aldatzea proposatzen dugu. Zortzi orduz lan egitea ez dugu uste bidezkoa denik. Gure denbora zertan inbertitu nahi dugun ongi aztertu beharko genuke”.

Luzio Tabarren esanetan, ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira. “Gure gizartean, herritarren heren bat sufritzen ari da, beste heren baten egoera ez da gehiegi aldatu eta azken heren hori ikaragarri irabazten ari da. Enpresarien etekinak gora eta langileen irabaziak behera egiten ari dira”.

Jardunaldiak Iruñean aste honetan

Banatu Taldeak antolaturik, Arrotxapeako Triki Traku Elkartean, zenbait ekitaldi eginen dira datozen egunotan: Urriaren 3an Jose Manuel Naredo ekonomialariak hitzaldia eskainiko du lanak botere ekonomikoarentzat duen garrantziaz. Urriaren 4an mahai ingurua izanen da, Nafarroako ikuspegitik lan banaketaren beharraz gogoeta egiteko sindikalista eta langabeekin  Azkenik, urriaren 5ean tailerra antolatu dute sektore publikoaz eta pribatuaz eztabaidatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!