Indarkeriak bat, bakeak zero. Atzoko egunaren emaitza izan zen hori. Ustez gainditua behar zuen egoera biziberritu egin zen Euskal Herriko kaleetan, eta herritarron kontrako operazio berri baten lekuko izan ginen berriz, beste behin.
Déjà vu tamalgarria bizi izan genuen, non indarkeriak herritarron eskubideak zapaltzen dituen eta politikaren bidea eteten den, asko eta askoren barrenak nahasiz eta oro bat jendartean amorrua, bidegabekeria, eta bestelako sentimendu gordin asko berpiztuz.
Garai berri bat zabaltzen ahalegintzen ari den gizarte batean gisa honetako egoerek barnetik astintzen gaituzte. Baina, batera, argi dago abiatutako bideak ez duela atzera bueltarik, eta beste behin egiaztatu egin da: Euskal gizarteak argi du: Indarkeria ez da bidea, inolaz ere.
Nekagarria eta negargarria izan zen atzoko espektakulua, eta haren aurrean sortu izan diren erantzun eta erreakzio asko ere, nekagarri eta naskagarriak izan dira. Berriz martxan jarri da gurpila, zirkulu amaigabe eta biziosoa. Ez. Eten. Ez gaitezen eror Estatuko gobernuaren tranpa erraldoian, ez gaitezen itsutu eta ez dezagun norabide okerrean jo, gure albokoen kontra, kolpe itsu eta ezin itsusiagoekin.
Ez da kasualidadea. Atzo aurkezten zituen PPren Gobernu abslutu eta absolutistak bere aurrekontu orokorrak. Ederki ezkutatuak gelditu dira piromano hauek piztutako suak ekarritako kearekin. Ez gaitezen itsutu, ez gaitezen etsitu. Bakea da bidea.