Jaione Karrera (abokatua): "Joko mediatikoa eta epaiketa politikoa da Herriraren aurkako operazioa"

Euskalerria Irratia 2013ko urriaren 1a

[/caption]

Herriraren aurkako operazioaren aurrean erantzun zabal eta irmoa emateko beharra nabarmendu du Jaione Karrerak, Nafarroako bost atxilotuen abokatuak. Larunbatean 17:30ean eginen da manifestazioa, Bilboko Casillatik abiatuta. Hain zuzen Iruñean deitua zuen Herri Harresiak mobilizazio eguna, baina, bertan behera utzi dute Bilbokoa indartzeko. Bilbon izanen den manifestazioan parte hartzera deitu dute zenbait sindikatuk, alderdik eta gizarte eragilek. Modu berean Karrerak uste du Espainiako Estatuari helarazi behar zaiola euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta elkartasuna adierazi behar zaiela atxilotuei, berehala libre utz ditzatela exijituz. Euskalerria Irratiko albistegian gaineratu du Karrerak joko mediatiko berri baten parte dela operazioa eta epaiketa politikoa izanen dela beste behin.

Madrilen dira 18 atxilotuak eta komunikatuak daude. Gaur edo bihar hitz eginen du abokatuak eurekin, eta ostegunean edo ostiralean pasako dira epailearen aurretik Karreraren esanetan.

Nafarroan bost lagun atxilotu zituzten Herriraren aurkako operazioan: Imanol Karrera, Fran Balda, Jon Garay, Sergio Labaien eta Eneko Villegas dira. ETAko kideen omenaldiak antolatzea leporatzen die Guardia Zibilak atxilotuei, omenaldi horietan delituak justifikatu eta ETA erakunde terrorista goratu egiten dela argudiatuta. Polizia operazioa irekita dagoela jakinarazi du Espainiako Barne Ministerioak, eta Guardia Zibilak egoitzetan jarraitzen du, horiek miatzen. Jada jende ugari bildu da horien inguruetan Nabarreria poliziak hartua du.

Eloy Velasco epaileak Herrira-ren egoitzak ixteko agindua eman du, eta sare sozialetan dituzten kontuak eta diru kontuak blokeatzeko. Operazioa Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Instrukzio Epaitegiak agindu dute, Velasco buru dutela. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako komandantzietako guardia zibilak ari dira parte hartzen operazioan, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, "beste unitate batzuen laguntzarekin".  Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak dio Herrira "ETAren tentakulua" dela, eta berretsi du Madrilek ez duela erakunde armatuarekin negoziatuko. Fernandez Diazen esanetan, Herrirak "bere egin ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren helburuak, egitura, funtzioak, metodoak, finantzaketa erak, ikonografia eta sare komunikatiboa eta horrek agerian uzten du Herrira Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oinordekoa dela.

Alderdi politikoen balorazioak

Operazio honen inguruan, erreakzioak ere bildu ditugu. Bilduk tamalgarri jo du operazioa. Euskal Herri osoaren aurkako erasoa dela, ez Herriraren kontrakoa. Beraz, herri gisa erantzuna ematera deitu du. Aralar-Nafarroa baiko legebiltzarkide Patxi Zabaletak ere operazioa gaitzetsi, eta babesa adierazi die atxilotuei. Atxiloketa politikoak egiteari uzteko eskatu dio Izquierda-Ezkerrak Espainiako Gobernuari. Eta ETAri, desegin eta armak entrega ditzala.Geroa baiko Uxue Barkosen idurikoz atxiloketa hauek ez dira gatazka konpontzeko bidea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!