Edurne Elizondo: Erran eta isildu

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 30a

Gaur duela hamar urte, egun hasi berriaren lasaitasuna eta isiltasuna hautsi zituen makinen zaratak. Artozkin sartu ziren, etxeak behera botatzeko. Gaur egun, Itoizko urtegiko urak ditu etxe haien hondakinak azpian. Uraren bideak isilarazi du proiektu horren aurkako ahotsen burrunba. Eta nafar gehienentzat, gutti batzurentzat inoiz agortuko ez den aldarria hagitz urruti entzuten den marmarra bertzerik ez da.

Itoitz isilarazi zuten. Eta gauza bera egin nahi dute Esarekin. Bertze urtegi bat, baina beldur eta kezka bera. Segurtasuna auzitan da. Oihu eginez, herritarren oinen azpian mugitu baita lurra. Zangozan, herritarren beldur eta kezka horri bozgorailua jarri dio Esa Gehiago Ez plataformak. Pasa berri den asteburuan, mikrofonoak ere jarri zituen adituen esku, Uraren Kultura Berria Fundazioarekin batera antolatu jardunaldien bidez.

Baina erran zena baino, entzun ez zena aipatu nahiko nuke nik gaur hemen. Hitza hartu nahi ez zuenaren jarrera mahai gainean jarri. Ebroko ur Konfederazioak uko egin baitzion antolatzaileen gonbidapenari. Segurtasuna omen da erakunde horren lehentasuna, eta Esa segurua dela behin eta berriz errepikatu du azken hilabeteotan. Ez du zangozarren aurrean berretsi nahi izan, ordea. Errateko baino, isiltzeko gehiago baitu, ziurrenik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!