Herriraren aurkako polizia operazioan bost kide atxilotu dituzte Nafarroan

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 30a

Nafarroako bostak Imanol Karrera, Fran Balda, Jon Garay, Sergio Labaien eta Eneko Villegas dira. Hemezortzi dira guztira atxilotuak Euskal Herri osoan. Horietatik hamar lagun Herrira Hernaniko egoitzan egiten ari zen batzarrean atxilotu dituzte. Gainerako zortzietatik bost Gipuzkoan, eta bana Araban, Bizkaian eta Nafarroan. ETAko kideen omenaldiak antolatzea leporatzen die Guardia Zibilak atxilotuei, omenaldi horietan delituak justifikatu eta ETA erakunde terrorista goratu egiten dela argudiatuta. Polizia operazioa irekita dagoela jakinarazi du Espainiako Barne Ministerioak, eta Guardia Zibilak egoitzetan jarraitzen du, horiek miatzen. Jada jende ugari bildu da horien inguruetan Nabarreria poliziak hartua du. Alde Zaharretik hain zuzen Euskalerria Irratiko albistegian kronika egin du Juan Kruz Lakastak, behean entzungai dagoena.

Eloy Velasco epaileak Herrira-ren egoitzak ixteko agindua eman du, eta sare sozialetan dituzten kontuak eta diru kontuak blokeatzeko. Operazioa Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Instrukzio Epaitegiak agindu dute, Velasco buru dutela. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako komandantzietako guardia zibilak ari dira parte hartzen operazioan, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, "beste unitate batzuen laguntzarekin".  Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak dio Herrira "ETAren tentakulua" dela, eta berretsi du Madrilek ez duela erakunde armatuarekin negoziatuko. Fernandez Diazen esanetan, Herrirak "bere egin ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren helburuak, egitura, funtzioak, metodoak, finantzaketa erak, ikonografia eta sare komunikatiboa eta horrek agerian uzten du Herrira Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oinordekoa dela.

Alderdi politikoen balorazioak

Operazio honen inguruan, erreakzioak ere bildu ditugu. Bilduk tamalgarri jo du operazioa. Euskal Herri osoaren aurkako erasoa dela, ez Herriraren kontrakoa. Beraz, herri gisa erantzuna ematera deitu du. Aralar-Nafarroa baiko legebiltzarkide Patxi Zabaletak ere operazioa gaitzetsi, eta babesa adierazi die atxilotuei. Atxiloketa politikoak egiteari uzteko eskatu dio Izquierda-Ezkerrak Espainiako Gobernuari. Eta ETAri, desegin eta armak entrega ditzala.Geroa baiko Uxue Barkosen idurikoz atxiloketa hauek ez dira gatazka konpontzeko bidea.

Argazkiak: Ateak Ireki

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!