Hamaika gertaera interesgarri eta zutabe bakarra! Agintari gris-eternoek arratoi urdinak Nabarreriara bidali dituzte, tabernari urdin-eternoek bizilagunen kontura poltsikoa berotu dute, Duguna dantza taldeak bertso afari bikaina antolatu du, emakume gazteak etxeko atarian negar egin du telefonoz ari zen bitartean, errekakoek urarekin amestu dute…
Eta metafora perfektua. Larunbata. Zalaparta izugarria. Hamabost mahai Merced kalean tabernari eta elkarte pribatuek propio jarriak. Ez da auzokideen bazkaria. Beste jantzi eta manerak dituzte. 16:11ak direnean aspaldiko euri tanta mardulen dantza hasi da. Arrapaladan euri jauzi ikusgarri bihurtu da. Debaldeko ikuskizuna sortu da: entsaladako osagaiak igerian, paellaren ganbak ur freskoan berpizten, haragi-patatazko platerak ore nabar nahasia egina, ile apaindegietako inbertsioak pikutara, markako alkandorak blai eta haurrak noraezean. 16ak eta 11minutu. 1.6.1.1.
1611an, Willian Shakespearek “Ekaitza” obra estreinatzen du. Protagonistak amerindiar esklabua, Caliban, eta jauntxo zuri zibilizatua, Prospero, dira hasi berria zen Amerikako kolonizazioaren garaian. Aurrerabidearen izenean ingelesak lurrak kenduko dizkio, hizkuntza eta kultura debekatu.
Interpretazio ugari eduki duen maisu lana da “Ekaitza”. Antikolonialistek ilustrazioaren diskurtso eurozentrikoa aztertu dute; feminismoak indigena menperatzeko emakume protagonistaren erabilpena hartu du gai; literaturan han eta hemen aurkituko ditugu Prospero, Miranda edo Calibanen istorioa berreraikiak.
Azken interpretazioa. Irailaren 28an 16:11an sortu den ekaitzak lotura metaforikoa du 1611ako beste “Ekaitza” haren argumentuarekin: jai eta egun esanguratsuetan Nabarreriako uharte honek dibertsioaren izenean sufritzen duen kolonizazioa.
Igande goizean pareko bizilagunak esan dit: euri premia dugu.