Euskara, jalgi hadi Nafarroako erakundeetara

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 27a

Nafarroako erakundeetan gaur euskara eta euskalgintzako erakundeak protagonista. Iruñeko Udaletxean Euskaltzaindia izan da. Bi erakundeek aspalditik sinatua duten lankidetza hitzarmena berritu dute, urtero bezala. Enrique Maya alkateak egin die harrera euskaltzainei, eta euskaraz ere ausartu da Maya: "Atsegin handia da Euskaltzaindiarekin hitzarmena sinatzea beste behin Iruñeko Udalarentzat".  Modu horretan indartu eta goraipatu egiten da Euskaltzaindiak berak euskararen alorrean egiten duen lana. Nafarroan ere beharrezkoa den eginbeharra egiten duela uste du Mayak eta lanean segitzeko konpromisoa hartu du alkateak.

Euskaltzaindiarentzat ere hitzarmena garrantzia handikoa da. Nafarroako erakundeekin dituzten harremanak mantendu eta Euskaltzaindiaren aitortza ematen baitzaio. Andres Urrutia Euskaltzain buruak esan du sortzen dituzten programak beti herritarrek euskararen inguruan izan ditzaketen zalantzei irtenbidea emateko prestatzen dituztela, edo erakunde publikoengandik jasotzen dituztenak bideratzeko; izan kezkak, aholkuak eta beste.

Euskalgintzaren egoera leku askotan kezkagarria dela nabarmendu du Urrutiak. Euskararen normalizazioan pausoak eman behar dira eta gaurkoa lehena dela dio. 5.100 euroko diru-laguntzaren bitartez Euskaltzaindiak duen egoitza mantentzeko aukera ematen dio Iruñeko Udalak. Horren bitartez euskara sustatuko dute, aholkularitza eskainiko dute Udalean  edota ikastaroak antolatuko dituzte.

 

Administrazioak euskaldunekiko eskubideak urratzen ditu

Foru Parlamentuan, Hizkuntza Eskubideen Behatokia izan da. 2012. urteari dagokion txostena aurkeztu du Garbiñe Petriatik. Aurrerapenik ez du ikusi. Euskal hiztunek Nafarroan jasaten duten bazterketaren ikur da, berriro, txostena. Inoiz baino kexa gehiago jaso ditu Behatokiak. Nafarroako Gobernuaren jokaeraren aurka, gehienak. Urraketak osasunbidean eta irakaskuntzan gertatzen dira gehien. Euskal hiztunen eskubideak bermatuko dituen marko juridiko berria eskatu du Petriatik.

Bi kronikak entzungai dituzue lerroon azpian:

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!