Esako urtegiari buruzko jardunaldiak Zangozan

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 26a

Datorren asteburuan, Esako urtegiari buruzko jardunaldia eginen dute Zangozan.

Batetik, segurtasuna izanen dute aztergai. Egungo egoera zein den azaldu eta gero, urtegia handitzeko asmoak sor ditzakeen gorabeherak nabarmenduko dituzte.

Belen Ausejo, URA Elkarteko kideak eman dizkigu xehetasunak Euskalerria Irratian. “Larunbateko bilkuran proiektu berriaren aurrean hainbat herri mugimenduk eta adituk aurkeztu dituzten aterabideak eta alternatibak aztertuko ditugu”.

Haren esanetan, badago gauzak egiteko beste modu bat, ura kudeatzeko beste era bat. “Ez dago zertan handitu Esako urtegia, arriskua ere handituko litzateke. Lurraren kudeaketa zuzena egin behar da. Gero eta lur eremu gehiago ari gara ureztatzen. Lur horietako asko ez dira beharrezkoak.

Igandean, urtegi ertzean ibilaldia

Zangozako Carmen aretoan hilaren 28an, larunbat arratsaldean hainbat aditu izanen dira. Antonio Casas geologoa, Pedro Arrojo ekonomia irakaslea, Joan Corominas Andaluziako Ur Agentziaren zuzendari ohia, Javier Martinez Gil hidrogeologoa, Nafar Gobernuko Larrialdi Agentziako kide bat eta litekena da CHE konfederazioko ordezkari bat egotea.

Igandean, hilaren 29an, urtegiko presaraino gidatutako ibilaldia egingo dute.

Antolatzaileak: Asociación Río Aragón,  Yesa+No/Lanak Gelditu, Fundación Nueva Cultura del Agua, eta URA Nafarroa. Zangozako udalak laguntzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!