Berde argiz jantzita dago, pantailari begira.
-Gurpildun aulkia behar duzue?
-Bada, bai, behar dugu. Amak ez du zutik egoteko indarrik, ezin du hitzik egin, burua galduta dauka…
Guri begira, eserita, leiharraren bertzaldean zirenei aulkia ekar ziezagutela erran die.
Ama eseri da.
-Ilaran jar zaitezte – erran digu.
Ilaran lau bat lagun dira gure aurretik. Amaren Bideko ospitalean gaude. Larrialdietan.
Bost bat minutu igarota, amaren egoera ikusita eta gure aitzinean zeudenak gauza handirik ez zutela iritzita, berdez jantzitako bertze bati galdetzen ausartu naiz:
-Aizu, ez al dago inor larrialdien premia erabakitzeko? Berdin al da nola datorren jendea?
-Ez, ez dago inor, baina anbulantziaren bat baldin badator, segituan egiten diote kasu.
Gu, tamalez, lagun baten autoan etorri gara Gaztelu Plazatik, ez baikenuen anbulantziaren zain egon nahi; hain zuzen ere, larrialdia handia zelakoan. Gaizki egina.
Atzo goizeko 11.00ak ziren. Arratsaldeko hiru eta erdiak arte hantxe egon ginen, plakak, TAC, odol analisiak… Guk geuk funda batez jantzi behar izan genuen odolez tindaturiko burukoa, pestillorik gabeko komuneko atea, pertsonalik eza ohea mugitzeko, gelarik ez medikuarekin egon ahal izateko, pasillotan gaisoak metatzen…
Ez dut sekula horrelako egoera ikusi ospital batean. Gainera, bertako langileek, egoera agerian uzteko, ez dute jarrera proaktiboegia erakusten hutsuneak betetzerakoan. “Horrela daude gauzak” erraten dizute. Eta egia da. Azkenean, medikuak berak aitortu zidan egoera jasanezina zela.
Osasunbidea osasuntristea bihurtu dute. Ongizatearen oinarrizko zimentarria herdoiltzen hasia da. Errudunek izen abizenak dituzte.