Donapearen proiektua hizpide izan da egunotan. Eta are indar handiagoz Donapeako lurren jabetza gobernuaren esku utzi duenetik Iruñeko Udalak itun bidez. Hori egin eta Udaleko osoko bilkuran, joan den ostegunean, oposizioko taldeek mozio bateratua eraman zuten Donapeako hitzarmen horren kontra.
Parlamentuan ere gehiengoa Opus Deiri mesede eginen dion operazioaren kontra azaldu da mahai eta eledunen batzarrean. Ez hori bakarrik. Oposizioa proiektua gelditzen saiatuko baita, PSIS formularen erabilera arautzen duen legeari aldaketa bat eginda.
Horretarako ekimena aurkeztu dute Bildu, Aralar-Nafarroa bai, Izquierda-Ezkerra eta Geroa baik. PSISaren erabilerari mugak jarri nahi dizkiote, behin proiektu bat udal batean tramitatzen hasia denean, tramitazioaren erdian Gobernuak ez dezan aukera izan PSIS izendatzeko, horrek udal autonomia urratzen duelakoan.
PSNk lege proposamena tramitatzearen alde bozkatu du, hortaz, aurrera egin du. Ez du argitu, ordea, babestuko duen ala ez.
Adierazpen instituzional bat ere onartu du mahai eta Eledunen batzarrak, Donapeako operazioaren kontra. UPN eta PP bakarrik gelditu dira proiektua defendatzeko tenorean.