Jon Abril: Bakerik ez

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 19a

Hamarkadetan sufritu duen gizartea da gurea. Indarkeriak, pluralean, bizi izan dituena. ETAren jardunaren bukaerak garai berri bat ekarri du, baina erritmoak eta erantzunak ez dira izaten ari gisako bake-prozesu batek behar dituenak, eta are gutiago, euskal eta nafar gizartearen gehiengoak nahi ditugunak.

Krisiak irentsita bizi gara Nafarroan: ekonomikoa, nagusiki, lan falta eta ustelkeriarekin lotua. Eta politikoa ere bai, agortutako gobernu bat etxera noiz joanen den esperoan.

Baina elkarrizketa ere krisian dago gure gizartean. Harrituta nago, aspaldian, inork ez duelako ozen aldarrikatzen Nafarroak ere heldu behar diola berradiskidetze prozesu bati. Nafarrok ere egin behar dugula iraganaren berrikuspen kritikoa. Egiaren bertsioak osatu behar ditugu. Elkarri aditu. Biolentzia guztiek sortutako kalteak osatzeko erabaki bateratua hartu behar dugu gizarte bezala, eta horrekin bat, berriz ere indarkeria arazoak konpontzeko bide izan ez dadin konpromiso irmoa.

Eta horrek guztiak, bi gauza behar ditu: lidergo politiko argia, eta herritar eta eragileen inplikazioa. Bistan da ikasturte berriak ez digula lidergo politikorik ekarriko. Barcinak ez du inolako interesik gaiari heltzeko, erosoegi dagoelako lubakian. Eta harrigarri zait gainerako alderdi politikoek ere ez dutela exigentzi hori etengabe mahai gainean paratzen. Honetan ere, gizarte zibilak heldu beharko dio bideari, eta etor daitezela gibeletik etorri behar dutenek. Sufritu dutenei zor diegu. Gure buruari eta hurrengo belaunaldiei ere zor diegu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!