Abuztuko oporrak hasi bezperetan, sei orrialde eskasetan itxi zion bidea Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako Kutxako dieten auziari. Gai nagusia izan zen, joan den urte politikoan. Kontuz-en eskutik gaurkotasunera itzuli da gaur. Zergadun, kontsumitzaile eta erabiltzaile plataformak dioenez, dieten auzia itxi dute, baina CANen auziak zabalik segitzen du.
Kontuz-en arabera, akten manipulazioa hasiera batean uste baino larriagoa da. Eta horren harira diligentzia berriak eskatu dizkio Maria Paz Benito epaileari. Zehazki magistratuari galdegin diote berriz deklarazioa har diezaiela CANeko idazkariei, Amaia Randez eta Alberto Pascuali hain zuzen ere. Kontuzek uste du aktak bilerak egin eta askoz ere beranduago idatzi zituztela, eta horren atzean bi lege hauste izan daitezkeela: agiriak faltsutzea, eta lekukotza faltsua.
Barcinaren senar ohia, zipriztindurik
Bestalde, CANen bulego berriak egiteko proiektua Pucho Vallejori, Yolanda Barcinaren orduko senarrari egin zioten, Barcina bera artean CANeko presidenteorde eta kontrol batzordeko buru zelarik. Hala salatu du kazetarien aurrean Kontuz-ek, eta erabiltzaile salaketa epailearen aurrean ere egiteko asmoa azaldu.
Lerroon azpian, Kontuz-eko eledun Patxi Zamoraren hitzak.
Argazkia: Argia