Etxe kaleratzeen aurka mobilizatzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute Hipotekek Kalteturiko Herritarren Plataformatik

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 19a

Bere etxea galtzeko arriskuan, oraingoan, Camino izeneko emakume bat dago. Atarrabian bizi da bi seme-alabekin batera. Banandua dago eta gizarte errentarekin bizi dira hirurak: 342 eurorekin hilean. Laboral Kutxarekin du hipoteka, baina, ezin ordaindu dabil azken hilabeteotan. Banketxeari eskatu diote behin eta berriz etxebizitza emanda zorra kita diezaiola. Oraingoz baina, ez du halakorik lortu.  Emakume horren egoera salatu, eta irtenbidea bilatzen saiatzeko, Laboral Kutxaren egoitzara joan dira Hipotekek Kalteturikoen Herritarren plataformako kideak.

Protestak gaur

Beste bi hitzordu ere badituzte aurreikusiak Metropoli Forala saioan plataformako Batix Martiarenak azaldu duenez: gaur bertan arratsaldeko 6etan, Caldereria karrikako hamaikagarren zenbakian. Alde Zaharreko plataformak bilera eginen du euren etxeetatik bota, eta oso baldintza kaskarretan bizi diren familia batzuekin. Gero, Gizarte Ongizateko zinegotziari emanen dio plataformak familia horien egoeraren berri.

Beste hitzordua arratsaldeko 7etan izanen da, elkarretaratzea eginen du Hipotekek Kalteturiko Herritarren Plataformak Gazteluko Plazan. Madrilen beste emakume batek bere buruaz beste egin duela salatuko dute bertan. Emakumezkoa etxebizitza sozial batean bizi zen, hiru seme-alaba eta bi bilobarekin. 900 euroko zorra zuen.

Hipotekek Kalteturiko Herritarren Plataformako Batix Martiarenaren hitzak entzuteko, sakatu lerroon azpian.

Irudia: polishproperty.eu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!