Maitagarriak, zoratzeko modukoak, atseginak eta ederrak, hitz bakar batez esanda, zoragarriak. Zoragarriak, bai, alde batetik liluragarriak direlako; bestetik, edonor zoratzeko modukoak direlako. Maitasun handia ematen dizute, baina, era berean, exijentzia handiak dituzte.
Hasteko, denbora eskatzen dizute, denbora dexente behar baita taxuzko zerbait lortzeko. Asko ematen behar diezu asko jaso nahi baduzu. Harreman hitzak ederki laburbiltzen du: hartu eta eman. Eta nola konformatu bakar batekin? Bi, hiru, lau... eta denei kasu egin behar, denei behar dizkiezu eskaini zure indarrak, zure denbora, zure kemena, zure dirua, zure gaitasun eta maitasun guztia...
Eta sortzen dira interferentziak, jakina: gaizki-ulertzeak, nahasmenak, kasualitatez topatutako ustekabeak. Izan ere, bakoitza den bezalakoa da, eta haien artean kontu batzuk komunean dituzten arren, bakoitza mundu bat da. Disgusturik ez baduzu jaso nahi, ezin daiteke aldi berean batekin eta beste batekin ibili... Gainera, jeloskorrak dira; bat utziz gero, ez da uste bezain erraza bueltatzea: nahi baduzu luze iraun, fidel izateko eskatzen dizute.
Hizkuntzez ari naiz, jakina, geure hizkuntza maiteaz eta erdal hizkuntzez, hizkuntzak ikastea zoragaria baita, lehen azaldu dudan adiera bikoitzean: alde batetik liluragarria; bestetik, edonor zoratzeko modukoa.Diada dela-eta zoragarria izan da katalana gutxi-gorabehera ulertzea, baina ez ahantzi zortzi bokal dituela: a oberta, e oberta, e tancada, o oberta, i, u eta bokal neutroa, ingelesezko man edo that edo hat hitzetan agertzen den soinu hori, batzuetan a eta beste batzuetan e idazten dena: zoratzeko modukoa.
Denbora dexente eman behar diozu hizkuntza bati ahoz komunikatzen hasteko —Je ne parle français— . Eta interferentzia edo code-switching ohikoa da —Zwei Kamels male— marraztu bi gamelu; baina hitz horren plurala alemanez Kamele da, ez Kamels —ingelesetik interferentzia—.
Zorionez, sorpresa onak ere badira: Iparraldeko lagun bati profitatu entzun nion lehenbizikoan, ingelesezko “to profit” buruan neukanez, ederki ulertu nuen. Bestalde, alemana aspaldi abandonatu nuen, eta orain ez naiz gauza ulertzeko ia-ia ezer. Ez nintzen fidela izan, eta alemanak ni abandonatu nau. Eta nahi nuke berarengana berriz hurbildu...
Baina etxean euskaraz egiten dugu, bizi naizen Iruñerrian gaztelania da nagusi, eta ingeles irakaslea naiz ofizioz... Japoniera ikastea ere buruan daukat; eta alemanak noizbehinka —manchmal— kirik egiten dit. Ingelesa ezin utzi; eta gainera, ez nuke nahi. Eta, esan gabe doa, gaztelania dut ama-hizkuntza... nola ez dut maitatu behar? Bai, zin-zinez, maitagarriak dira denak, atseginak eta ederrak; hitz bakar batez esanda, zoragarriak.
Eta Madrilgo alkate andre Ana Botellari “exiting cup of cafe con leche in Plaza Mayor” entzunda, bistan da zeinen garrantzitsua den hizkuntzak ikastea lotsagarri ez gelditzeko. Ikasturte honetan euskara hobetzeari edo beste edozein hizkuntza ikasteari ekinen dion entzule orori, animo!